Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 250

250

RAMÓN PARADA

6. MEAURAK ETA URBEROAK Antzinate urrunetik jakin izan da meaur batzuk sendagarriak direla. Jakinekoa da, halaber, erromatarrek luxuzko eraikinak jaso zituztela ustez halako jainkotasuna zuten osasun iturri eta urbero horien inguruan. XVII. mendean agertu ziren Frantziako Zuzenbidearen ur sendagarriei buruzko lehenengo arauketak (Enrike IV.aren Letra Patenteak). Arauketa horien oinarrizko egitura gaur egunera arte heldu da. Frantziako Zuzenbidearen arauketa horren arabera, baimena beharrezkoa zen, establezimendu publikoak zabaltzeko. Baimena eman aurretik, urak osasunarentzat kaltegarri izan beharrean, komenigarri zirela egiaztatu behar zen. Urak hartzeko establezimenduetan osasun ikuskapena egiten zen, eta gaixoak medikuen kontrolpean zeuden. Dena dela, botilako meauren salmentak gora egin duenetik (1972ko urriaren 26ko Dekretuak arautu du), ahaztuxe dago bainuetxeen tradizioko aprobetxamendu hori Meaurak ur pribatutzat hartu direnez, tradizioz, irizpide berdinak erabili dira, hala meauren, nola lurpeko beste uren titulartasuna eta ustiapena eratxikitzeko. Bainuetxeak zabaldu aurretik, meaurek osasun alorreko polizi arauak bete behar zituzten, bainuetxeen geroko jardunbidearen kontrola eta ikuskapena bermatzeko. Arazorik gabe onartu ziren arauketa horrek jasotako printzipioak, eta ez zen beharrezko izan mea-medikuntzako urak publifikatzea. Meatzaritza legeriak uren legeriara jo zuen, ur horiek pribatuak ala publikoak ziren jakiteko. Mea-medikuntzako urak lurpeko urak dira, oro har, eta ur pribatu moduan kalifikatu ziren. Ur horiek osasun alorreko polizi arauei loturik zeuden. 1928ko apirilaren 25eko Errege Dekretuak jaso zuen polizi arauketa hori eta, gaur egun, uztailaren 24ko 2.119/1981 Errege Dekretuak arautzen du. Auzitegi Gorenaren epaiek behin baino gehiagotan baieztatu dute mea-medikuntzako uren izaera pribatua (besteak beste, 1970eko abenduaren 22ko, 1972ko ekainaren 14ko, 1975eko urtarrilaren 23ko eta 1977ko urtarrilaren 17ko epaiak dira horren erakusgarri). Mea-medikuntzako uren arauketa arazorik gabe onartu bazen ere, gaur egun duda-muda da nagusi ur horien izaeraren inguruan. Arean bere, Urei buruzko 1985eko Legeak lurpeko urak publifikatu arren, lurpeko urei ez zaie lege hori aplikatzen. Egin-eginean ere, legeak meatzaritza legeriara jo du lurpeko urak arautzeko, baina meatzaritza legeriak ez du jabetzari buruzko arazoa jaso. Meatzeei buruzko 1973ko Legeak mea baliabide guztiak herri jabariko ondasunak direla adierazi du. Adierazpen horretan soilik oinarritzen da meauren izaera publikoaren tesia (ARCENEGUI).


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1) by elkarmedia - Issuu