MEATZEAK
243
tako beste jabetzen segurtasun neurriak aplikatzen zaizkie (1887ko urriaren 20ko eta abenduaren 7ko epaiak, 1883ko abenduaren 27ko, 1899ko ekainaren 16ko, 1900eko martxoaren 31ko eta 1901eko martxoaren 26ko epaiak). Jabetza pribatu hori berezia da, mugaturik dagoelako eta Administrazioak jabetza horretan esku hartu duelako. Jabetza pribatuaren tesiari ekin diote doktrinako autorerik garrantzitsuenek (CASTÁN, GASCÓN eta MARÍNek). Guk ere tesi hori defendatuko dugu lan honetan; izan ere, orain arte aztertukoaz landa, meatzeen eraentza juridikoa hurbilago dago beste jabetza berezietatik — esaterako, jabetza intelektualetik— plaza, kale, ibai edota ibaiertzen eraentzetatik baino. 1978ko Konstituzioak ez dakar aldaketa garrantzitsurik, meatzeen politika eta legeriari begira. Edozein modutara ere, Franco hildakoan, honako xedapen garrantzitsuak onetsi ziren: indarreko legearen araudia (abuztuaren 25eko 2.857/1978 Errege Dekretua); Meatzaritza Suspertzeari buruzko Legea (urtarrilaren 4ko 6/1977 Legea). Gerora, estatuaren eskumen batzuk eratxiki zitzaizkien autonomi erkidegoei. Meatzaritzaren oinarriekin bat etorriz, autonomi erkidegoei eratxiki zitzaizkien Industria eta Energi Ministerioak meauren eta urberoen gain zituen eginkizun eta zerbitzuak. Horiez gain, eskumen hauek dituzte autonomi erkidegoek: A) sekzioko baliabideen baimenak ematea; meatoki artifizialak eta B) sekziora bildu diren lurpeko egiturak aprobetxatzea; meatzeak miatu eta ikertzeko; eta C) sekzioko baliabideak ustiatzeko baimenak ematea, eta meen miaketa, ikerketa eta ustiapen lanak ikuskatzea eta jagotea. Azkenik, zehapen ahalgoa eta baimenen iraungitasuna adierazteko eskumena esleitu zaie. Espainia Merkatu Batuan sartzeak berarekin ekarri zuen ekainaren 28ko 1.303/1986 Legegintzazko Errege Dekretua aldarrikatzea. Horren bidez, Espainiako legeria Europako Erkidegoetako Zuzenbideari egokitu zitzaion. Ondoko gaiak bateraezinak ziren Europako Erkidegoetako Zuzenbidearekin: sozietateen eraketa eta enpresen egoitza; atzerriko kapitalaren partaidetza; eta atzerritarrek, kontseiluetan eta zuzendaritzan parte hartzeaz gain, teknikari nahiz lanesku gisa jardutea.
4. MEA BALIABIDEEN SAILKAPENA. SEKZIO GUZTIENTZAKO ARAUAK 1825eko Errege Dekretuaz geroztik, Espainiako legeriak mea baliabideak sailkatu ditu, errege dekretu horrek araututako substantzien kopuru, izaera eta balioaren arabera. Honakoa da sailkapen horren helburua: batetik, Administrazioaren esku-hartzearen norainokoa graduatzea eta, bestetik, mea baliabideen titulartasunari eta erabilpenari buruzko eraentza juridiko desberdinak