232
RAMÓN PARADA
1. MEATZEEN JABETZA ESLEITZEKO SISTEMAK. ZUZENBIDE KONPARATUA Garaiak eta herriak aldatu diren heinean, meatzeen jabetzari buruzko printzipioak ere moldatu egin dira. Atenasen estatuari eratxiki zitzaion meatzeen jabetza; Erroman, aldiz, funtsaren sistema erabili zen eta lurren ugazabari zegokion horien gaineko jabetza. Horretara izanik, Erroman meatzeak ondasun higiezinen jabetzako dependentziak dira eta ugazabak honako ahalmenak ditu: meatzea zuzenean aprobetxatzea, ustiatu gabe uztea edo aprobetxamendua beste bati lagatzea. Erromako enperadoreen konstituzioek aintzatetsi zutenez, estatuak halako subiranotasun eskubidea zuen meatzeen gain (Justinianoren Kodea, XI. l., IV. t.). Gero, Erdi Aroan erregeren sistema zen nagusi eta erregeri eratxiki zitzaion meen jabetza; konstituzionalismoaren garaian, ostera, estatua zen meatzeen jabe, berorrek baitzuen subiranotasunaren titulartasuna, eta ez erregek. Erregek hiru ahalmen zituen meen jabetzaren arloan: a) Lurpeko jabetzaren destinoa zehaztea; horretara, erregek gainotzekoei laga ziezaiekeen baliabideen aprobetxamendua, osterantzean berak zuzenean aprobetxa zitzakeen baliabide horiek. b) Meen ustiapena jagotea, kontutan izanik ordena publikoa, lurzoruaren artapena eta langileen segurtasuna. c) Meatzeen ustiatzaileak lortutako etekinaren gaineko tributua jasotzea. Errege sistemaren aldaeretako bat industri sistema da. Sistema horren ildotik, meatzea nork hobeto ustiatu, horrixe eman behar zaio emakida. Hala ere, lurraren ugazabari kalteak ordaindu behar zaizkio eta aurkitzaileari saria eman behar zaio. Okupazioan oinarritutako sistema anglosaxoniarrak eta germaniarrak azpimarratu dute komeni dela meatzeen ikerkuntza bultzatzea. Ikerkuntza bultzatzeko, aurkitzaileari eratxiki zaio meatzearen jabetza. Meatzearen jabetza dagokio meatzea lehenengo erregistratu eta meatzea badela frogatu duenari. Iraultzaren garaira arte, Frantziako Zuzenbidean indarrean egon zen errege sistema, baina, iraultza iristeaz bat, nazioaren esku utzi ziren meatzeak. Nondik-nahi begira dakiola ere, Koroaren eskubideak lurren jabeen mesedetan eskualdatu ziren (1791ko uztailaren 28ko Legea) eta horrelaxe ulertu behar da meatzeak nazioaren esku uzte hori. Azken finean, funtsen edo akzesioaren sistema erabili zen garai horretan. Arean bere, lurren jabeei erreserbatu zitzaien ehun oineko sakoneran egon zitezkeen meatokiak ustiatzeko eskubidea; horrez gain, lehentasun eskubidea zuten, ehun oin baino sakonagoko meatokien emakidak lortzeko. Bide horretatik, iraungirik zeudela adierazi zen lurren jabeen behialako emakidak.