MENDIAK ETA NATURAREN BABESA
221
denean. Sakrifizio hori herri interesaren mesederako egiten da; hala izanik, zuhaiztiak suntsitzean eragindako kalteak ordaintzen zaizkie jabeei, Estatuko Administrazioaren Eraentza Juridikoari buruzko Legearen 40. art.aren arabera. Nolanahi ere, Mendiei buruzko Araudiak ez die kalteordainen eskubidea aintzatetsi mendien jabeei (385. art.).
11. BASO ADMINISTRAZIOAREN AHALGO ZEHATZAILEA Administrazioak zehapen ahalgoa duela esatean, mendien antolamendu juridikoaren aurkako jokabideeen zehapena erabat aldatu dela ikusten da. Lehenago, mendien zigor legeriaren bidez ezartzen ziren jokabide horien zehapenak. Mendien 1833ko ordenantzetan urratzaileak judizio bidean zehatzen ziren eta halaxe gertatzen da gaur egun ere Frantziako sisteman. Geroago, honako eskumen banaketa mistoa arautu zen 1883ko abenduaren 22ko ordenantzetan: urratzaileak irabazasmoa zuenean, auzitegiak ziren eskudunak; bestelako kasuetan, Administrazioak zehatzen zituen urratzaileak. Azkenik, gaur egungo sisteman, Administrazioak berak ezartzen du mendien legerien aurkako urratze guztien zehapena. Urratzea delitu gisa tipifikatzen denean, auzitegiek ezartzen dituzte delituen zigorrak. Mendiei buruzko 1957ko Legeak legebidezkotu du Administrazioaren ahalgo zehatzailea. Isunen kopurua gogoan izanik, legeak agintari batzuei eta besteei eratxiki die isunak ezartzeko eskumena. Administrazioaren gaur egungo lege berezietan ezartzen diren isunekin konparatuz, txikia da agintari horiek ezartzen dituzten isunen kopurua. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ezarritako isunak 100.000 pezetarainokoak izan daitezke. Isunak graduatzean, ondokoak hartu behar dira kontutan: urratzearen inguruabarrak, urratzailearen maltzurkeria eta urratzearen ondorioz egindako kalteen garrantzia (83. artikulua). Harritzekoa izan arren, araudia aplikatu eta kalteen ondorioz ezarri beharreko isunaren kopurua 100.000 pezetatik gorakoa bada, orduan jurisdikzio arruntak du horren gaineko eskumena (Mendiei buruzko Araudiaren 408.3. art.). Urratzearen ondorioz eragindako kalteek ez dakarte berez zigor alorreko epailea eskuduna izaterik. Epailea eskuduna izateko, dolozko edo erruzko delitu gisa tipifikatu behar da egitatea, Zigor Kodearekin bat etorriz. Epailearen eskumena ez da isunaren kopuruaren araberakoa. Gainerakoan, araudiak urratze desberdinak ezarri ditu katalogoko mendientzat eta katalogokoak ez direnentzat. Araudiak zehatz-mehatz jaso ditu ondokoak: zehapenen ezarpena, zehapenen betearazpena, kalteen ordainketa, dekomisoa eta enbargoa, eta, azkenik, erantzukizuna azkentzea.