208
RAMÓN PARADA
tasuna dela. Hortaz, Mendien arteko bereizketarik garrantzitsuena tradiziokoa da, alegia, Herri Administrazioaren jabetzako mendi publikoak eta norbanakoen mendiak bereizten dituena. Herri Administrazioko mendi batzuen destinoa herri erabilera da. Horien adibide dira Mendi Eskolaren helburuei loturik dauden mendiak (ikerketa eta irakaskuntzarako erabiltzen dira). Herri jabariari buruzko kontzeptu orokorrak aplikatuz gero, eta, basoei buruzko legeriak ezarritakoa gorabehera, herri erabilerarako destinaturik dauden mendiak herri jabariko ondasun moduan kalifika daitezke. Oro har, bestelako irizpidetik abiatu da araudiaren 11. artikulua. Horren arabera, mendi publikoak estatuaren edo autonomi erkidegoen jabetza pribatukoak direnean, ondare ondasun izaera dute. Baieztapen hori egin eta gero, honakoa dio araudiak: herri jabarikoak dira herri erabilerari, onurari edo zerbitzuari atxikitako mendiak eta herri onurako katalogoko mendiak. Gauzak horrela, halako garrantzia duten mendi guztiak herri jabarikoak izango lirateke, mendi garrantzitsu guztiek baitute horrelako baldintzaren bat. Hala ere, ikusiko dugunez, mendien herri jabariko kalifikazio hori ez da zeharo baterakorra katalogoko mendien eraentza juridikoarekin. Norbanakoen mendiak egiazko jabetza pribatuko ondasunak dira eta geroago aztertuko ditugu. Jabetza pribatu hori berezia da; izan ere, mendi pribatuak Administrazioaren esku-hartze zorrotzari loturik egon arren, Zuzenbide pribatuaren eraentzapeko ondasunak dira. Esku-hartze horri dagokionez, hurrengo ahalmenak ditu Administrazioak: nahitaezko aprobetxamenduak ezartzea; baso aprobetxamenduen eta luperketen gaineko esku-hartzea, zuhaiztien iraupena bermatzeko; dekretuaren bidez, ekoizkinen aprobetxamendua arautu eta mugapetzea. Nahitaezko aprobetxamenduak ezar daitezen, mendiak derrigor birlandatu beharreko eskualdeetan egon behar dira. Administrazioak estatuko ekonomiaren mesedetan arautzen eta mugapetzen ditu ekoizkinen aprobetxamenduak.
5. HERRI ONURAKO KATALOGOKO MENDIAK Mendi publiko guztien artean, katalogoko mendi publikoak dira baso sistemaren mendirik publifikatuenak. Horrela izanik, doktrinak herri jabariko ondasuntzat hartu ditu. Mendiei buruzko 1863ko Legeak agindu zuen Mendien Katalogoa eratzea. Katalogo hori zerrenda moduan sortu zen eta zerrenda horretan sartu ziren herri administrazioen mendiak. Legeria desamortizatzailean mendi horiek saltzeko agindu bazen ere, salmentatik salbuetsita zeuden, Gobernuak herri onurako mendiak zirela adierazi baitzuen (1855eko maiatzaren 1eko eta