MENDIAK ETA NATURAREN BABESA
203
Berebiziko garrantzia zuten polizi arauek. Honakoa du jasota 149. art.ak: «… debekaturik dago sua piztea, hala mendian bertan, nola mendiaren inguruko 200 kanako distantzian». Gainera, «zigorra ezartzen zaie mendian erabilera edo aprobetxamenduren bat izan eta sua itzaltzeko abisua jaso arren, sua itzaltzera joan ez direnei» (150. art.). Kontuak kontu, Administrazioak ez zuen zuzeneko zehapen ahalgorik; izan ere, Frantziako sistemak jaso bezala, epaile arruntek zuten mendien aurkako urratzeak ebatzi eta zehatzeko eskumena. Administrazioari ondoko pribilejioa baino ez zegokion: «Mendien Zuzendaritza Nagusiak izendatutako lur neurtzailea auziaren bistara joan daiteke, fiskal gisa salaketa egiteko. Lur neurtzaileari ohorezko aulkia erreserbatzen zaio epailearen ondoan, eta honakoak aurkez ditzake: sumarioko diligentzien ondorioz lortutako frogak, lekukoen frogak eta egoki datozen gainontzeko frogak» (176. art.). Frogei dagokienez, 1833ko ordenantzek askoz ere indar handiagoz bultzatu zuten funtzionarioen lekukotzaren froga balioa. Lekukotza horren egiatasuna ezin zitekeen ahuldu, nahiz eta egitateen faltsutasunaren akusazioa egin. 177. artikuluak dioenez, «sumarioko diligentziak formalitate guztiak betez egin badira eta bi enplegatuk sinatu badituzte, orduan diligentzia horiek delituaren edo urratzearen egitateei buruzko nahikoa froga dira. Ezin daiteke egitate horien aurkako frogarik aurkeztu, sinatzaileen ezespenerako lege kariak daudenean izan ezik».
B) 1863ko legeria Javier de Burgosen ordenantzen ondoren, Mendiei buruzko 1863ko Legea onetsi zen. Lege labur hori erabat garatu zuen 1865eko maiatzaren 17ko Errege Dekretuak. Aipatzekoa da 1883ko abenduaren 22ko ordenantzek jasotako zigor legeria (1884ko maiatzaren 8ko Errege Dekretuak aldatu zituen ordenantza horiek). 1863ko maiatzaren 24ko Legeak ez zuen baso sistemaren antolamendu berririk ezarri; arean bere, ez zituen indarrik gabe utzi 1833ko ordenantzak. Halaber, Mendiei buruzko 1863ko Legeak mendi pribatuak aprobetxatzeko askatasuna baieztatu zuen. Hainbatenaz, «polizi arau orokorrek ezarritako murrizketen kasuan salbu», mendi pribatuak ez zeuden administrazio esku-hartzearen menpe (14. art.). 1865eko maiatzaren 17ko Araudia Frantziako baso sisteman eta Javier de Burgosen ordenantzetan oinarritu zen, mendi publikoen pribilejioei begira. Araudiak bide eman zien mendi publikoen jabe mugakideei, Baso administrazioaren defentsapean eta zaintzapean jartzeko. Mendi pribatuen jabeek zaintza horrek zekartzan gastuak ordaindu behar zituzten, eurei zegokien proportzioaren arabera (131. art.).