Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 19

ADMINISTRAZIOAREN ONDASUNAK. OINARRIZKO ERAENTZA

19

1eko Errege Aginduan jasotakoa (Estatuaren Ondareari buruzko Legearen 24. art. eta Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 12. art.). Toki eremuari gagozkiola, dohaineko eskuraketa batzuetan, baldintza edo modalitate hau bete behar da: ondasunak destino zehatz batzuei modu iraunkorrean lotzea. Baldintza edo modalitatea bete dela esateko, nahikoa da ondasuna destinoari hogeita hamar urtez loturik egotea, nahiz eta gero jaregin, herri intereseko arrazoiak eta gertatze bidezko inguruabarrak direla eta (Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 13. art.). Bada ondasunak eskuratzeko beste modu bat, Estatuaren ondasunei buruzko Legearen 19. artikuluak aipatu ez badu ere: epailearen edo administrazio ebazpenaren bidezko eskuraketa. Administrazioak epailearen edota administrazio ebazpenaren bidez eskuratzen du ondasuna, ondasun hori auzibideak eta administrazio prozedurak dakartzaten zorren ordainetan adjudikatzen zaionean (zerga zorrak, administrazio isunak edota bestelako zorrak). Nahiz eta kredituaren zenbatekoa adjudikaturiko ondasunaren tasaziotik lortu den emaitza baino gutxiago izan, zordunak ez du alde hori ordain diezaioten eskubiderik. Beste batzuetan, berriz, ondasuna adjudika daiteke, komisoa dakarten administrazio zigorren edo zehapen erantsien ondorioz (Estatuaren Ondareari buruzko Legearen 27.etik 30.era bitarteko artikuluak eta Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 15. art.). Azkenik, Administrazioak preskripzioz eskura ditzake ondasunak. Eskuratzeko modu horri dagokionez, gainerako pertsona juridikoentzat sor daitezkeen arazo berberak sortuko dira Administrazioarentzat ere (onustea, edukitza izateko organo eskuduna eta abar). Horixe ondorioztatzen da Estatuaren Ondareari buruzko Legearen 25. artikulutik eta Kode Zibilaren 1931. artikulutik.

5. ADMINISTRAZIOAK ONDASUNAK ESKUALDATU ETA LAGATZEA Administrazioak ondasunak nola eskura ditzakeen ikusi dugu; bada, modu berean eskualda diezazkieke ondasunok norbanakoei. Edozein modutara ere, badira jabetza eskuratzeko modu arruntak indarrik gabe utzi edota moldatzen dituzten administrazio arau bereziak. Arau bereziok arau zibilen gain jartzen dira. Herri jabariko ondasunak besterenduezinak eta preskribaezinak dira, herri jabarikoak diren bitartean. Arau nagusi horrek indarrik gabe uzten du Zuzenbide zibila; dena dela, hurrengo kapituluetan jorratuko dugu puntu hori. Kontuak kontu, arau bereziei lotzen zaie Administrazioaren ondasunen eskualdaketa. Hauek dira Administrazioaren ondasunok: ondare ondasunak edo jabari pribatukoak eta jaregindako ondasun publikoak.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.