196
RAMÓN PARADA
1. ADMINISTRAZIOAREN ESKU-HARTZEA MENDIETAN. ITURBURUAK ETA BILAKAERA Berant Erdi Aroan ezarri ziren basoen antolamendu juridikoa eratzeko lehenengo oinarriak, garai horretan agertu baitziren basoak babesteko aurreneko arauak. Hurrengo mendeetan barna, arian-arian gehituz joan zen basoen arauketa babeslea. Basoen babesa nabaria zen XVIII. mendean eta gailurrera iritsi zen XIX. mendean, egiazko baso sistema eratzean. Sistema hori arauketa sustantiboa eta horren azpiegitura burokratikoa batzearen emaitza izan zen. Mendien 1833ko ordenantzak izan ziren sistema horren abiapuntu. Ordenantza horiek Javier de Burgosek egin zituen, Frantziako Baso Kodea eta 1828ko Ordenantza oinarri hartuz. XIX. mendean inoiz baino kalte handiagoa egin zitzaien basoei, nahiz eta orduko baso sistema modernoa eraturik egon. Arean bere, mendi publikoak babestu arren, garai horretako legeria indibidualistak hondamen handia eragin zuen. Norbanakoek inolako mugapenik gabe erabil zitzaketen euren mendiak, eta finkak itxi eta luberritzeko ahalbidea eman zitzaien. Erabateko askatasun horrek basoak soiltzearen prozesua erakarri zuen. Prozesu hori areagotu zen, mendi publikoak eta erakundeen mendiak —berez berekoak— jabetza pribatuan sartzeko politikaren bitartez. Politika pribatizatzailea etengabeko eta sistematikoa izan zen. Franco jeneralaren erregimenean goitik behera aldatu zen XIX. mendeko sistema. Horretarako, mendi publikoen eta pribatuen legeria esku-hartzailea eratu zen eta basoetan zuhaitzak landatzeko politika gogorrari ekin zitzaion; hala ere, lurralde guztietan ez ziren tokian tokiko zuhaitz espezieak landatu. Estatuaren Baso Ondare deritzon 1941eko erakundeak bideratu zuen politika berria; gaur egun, Izadiaren Artapenerako Erakundea (ICONA) eratu da, Estatuaren Baso Ondarearen ordez. Mendiei buruzko 1957ko ekainaren 8ko Legea izan zen Francoren garaiko legerik garrantzitsuena. Garai horretako legeriak indarrean dirau gaur egun ere. Izanak izan, Baso administrazioa asko aldatu zen, 1978ko Konstituzioa aldarrikatzean. 1978az geroztik, guztiz aldatu dira funtzionarioen eta burokraziaren sistema eta lurralde antolaketa. Lurralde antolaketa hori autonomien estatuaren ondorioz sortu da.
A) Aurrekariak Erdi Aroan, Koroak lugintzei baino arreta handiagoa eskaini zien basoei, ehiza baitzen garai horretako errege eta nobleen kirolik gogokoena. Hiriek ere