188
RAMÓN PARADA
Itsasoko arrantzaren arauketara —uztailaren 13ko 53/1982 Legera— jo du Itsasoko Hazkuntzei buruzko Legeak, urratzeen eta zehapenen inguruan. Ulertzekoa denez, ez dira urratze gisa kalifikatzen itsaskia hartzea eta debekualdian erauzketak eta salmentak egitea. Konstituzio Auzitegiaren 1983ko abenduaren 6ko epaiak autonomi erkidegoei aintzatetsi dizkie ikuskatzeko eta zehatzeko eskumenak. Orain arte, Flotari eratxiki zaizkio eskumen horiek. Autonomi erkidegoen ardurapean daude arrantza jagoteko ontziak eta itsasoko epaimahaiak, kasu honetan izan ezik: autonomi erkidegoek arlo horretako legerik eman ez dutenean edota eginkizun horiek euren organoei eratxiki ez zaizkienean. Autonomi erkidegoei dagozkie osasuna jagoteari buruzko eskumenak. Administrazioaren ahalgo behartzaileak aplikatu behar dira, gainontzekoek enbarazu egiten dietenean ustiapenen titularrei. Ahalgo horiek erabili ezean, Estatuko Administrazioak kalteak ordaindu behar dizkie titularrei. 1983ko abenduaren 16ko epaiak ezarri bezala, estatuak 125 milioi pezeta ordaindu behar izan zituen, Arosako itsasadarrean itsaski-sarda bat inbaditzearen ondorioz eragindako kalteengatik; izan ere, Marinako agintariek ez zuten ezer egin inbasio hori geldiarazteko.
9. ITSASOKO KOMUNIKAZIOAK. PORTUAK Itsas demanioaren beste ohiko erabilpen bat ondokoa da: itsasertzeko puntuen arteko garraio eta komunikazioa; portuen bidez lortzen da helburu hori. Estatuko portuei eta merkataritzako marinari buruz emandako legeak honelaxe definitu du portua: «Lehorraldeko guneez, itsasoko urez eta instalazioez osaturiko multzoa da. Portuak itsasondoan edo itsasadarren ondoan kokaturik daude eta baldintza hauek bete behar dituzte, portuko trafikoari loturiko jarduerak portuan bertan gauza daitezen: baldintza fisikoak, naturalak, artifizialak eta antolaketaren alorrekoak. Administrazio eskudunak baimena eman behar die portuei, jarduera horiek gauzatzeko». Honela sailkatzen dira portuak: merkataritzakoak eta merkataritzakoak ez direnak. Azken horien artean, arrantzarako, kirolerako eta babeserako portuak daude. Merkataritzako portuak sailkatzeko, horien garrantzia eta antolatzeko sistema aztertu behar dira. Merkataritzako portuak toki intereseko portuak nahiz interes orokorrekoak izan daitezke. Interes orokorreko portuak izateko, ondoko betekizunak izan behar dituzte portuek: portuan bertan nazioarteko merkataritza jarduerak gauzatzea; hainbat autonomi erkidego ukitzea; estatuaren ekonomiarako industria garrantzitsuak suspertzeko erabiltzea; oinarrizko baliabide izatea itsasoko trafikoaren segurtasunerako, batez ere, uharteen lurraldean.