176
RAMÓN PARADA
Itsasertzei buruzko 1988ko Legeak Lurzoruari buruzko Legearen eragin handia izan du, egilego adierazmoldea arautzean. Lurzoruari buruzko Legearen antzera, egile kontzeptua zabaldu du Itsasertzei buruzko Legeak eta honakoak biltzen ditu adierazmolde horretara: emakida eta baimenen titularrak, titularrek horietan ezarritako baldintzak bete ez dituztenean; jardueraren suspertzailea; jarduera hori gauzatu duen enpresarioa eta jardueraren teknikari-zuzendaria. Itsas demanioari egindako kalteen erantzule guzti-guztiak zehatu nahian, legeak urratzaile moduan kalifikatu ditu ondokoak: administrazio tituluak eman dituztenak, titulu horiek legeak ezarritakoarekin baterakorrak ez direnean eta, horien bidez, herri jabariari edo gainontzekoei kalte larriak eragin zaizkienean. Zehatz esateko, hauexek dira tituluak ematearen erantzuleak: a) Edozein herri administraziotako funtzionarioak edo enplegatuak, titulua ematearen alde agertu direnean. Espedientea instruitu eta gero, funtzionario horien jokabidea falta larri moduan kalifikatzen da diziplina bidean. b) Edozein korporazioren edo erakunde publikoren kidegoetako agintariak eta kideak, titulua ematearen alde agertu direnean edo aldeko botoa eman dutenean. Erantzule izateko, ondoko baldintzak bete behar dituzte agintari eta kideek: jardueren legezaurkakotasuna adierazteko iritzi bateko eta manuzko txostenak baztertzea edo txostenak eskatzeko eginbeharra bete gabe uztea. Zehapenak ezartzean, zenbateko zehatzik ez duten isunak arautu ditu legeak. Ministroen Kontseiluak 100 milioi pezetatik gorako isunak ezarri behar ditu; autonomi erkidegoek, ordea, 200 milioi pezetatik gorakoak jarri behar dituzte. Industri isurketa kutsagarriak husten direnean jartzen dira 200 milioi pezetatik gorako isunak. Halako zenbateko izugarriak ordaindu behar izaten dira, zenbatekoa kalkulatzean ondokoa gogoan izaten delako: herri jabarian eginiko obra eta instalazio irregularrak edo ostutako materialen balioa. Batzuetan, zenbatekoa finkatzeko, bi kontzeptuak izaten dira kontutan. Ondokoak dira zehapen erantsiak: falta larrien ondorioz emandako zehapen irmoak publiko egitea eta, kasuan-kasuan, administrazio titulua ezeztatzea. Horrez gain, urratzaileak gauzak lehen zeuden egoerara itzuli eta kalteak ordaindu behar ditu. Azkenik, legeak aurreikuspen hauek ezarri ditu zehatzeko prozeduraren inguruan: batetik, akzio publikoa egikari daiteke administrazio organoetan eta administrazio auzitegietan; bestetik, legezaurkako obrak eteteko tramitea bidera dezakete interesatuek. Hari beretik, badira isunak eta gainerako erantzukizunak nahitaez betearazteko arauak. Arauok aplikatzeko, administrazio premiamendura eta isun hertsagarrien teknikara jotzen du legeak. Zernahi gisaz, isun hertsagarriaren zenbatekoa ezin da izan urratzearen ondorioz ezarritako isunaren 100eko 20 baino handiagoa. Isunen eta beste erantzukizunen betearazpena etetea erabakitzen bada, urratzaileak zenbateko hori bermatu behar du, etetea eragagingarria izan dadin.