ITSAS DEMANIOA
163
3. Gune ekonomikoaren eta kontinenteko plataformaren baliabide naturalak. Legeria bereziek definitzen eta arautzen dituzte horiek. Itsasertzei buruzko 1969ko Legearen ildotik, ÂŤbaliabide naturalak, ustia daitezkeen heinean, herri jabarikoak dira lurralde itsasoaren eta berorren alboko aldearen hondoak eta lurpeakÂť (1.4. art.). Lurralde itsasoaren aldameneko alde hori jaso du Konstituzioaren 132.2. artikuluak, eta gune ekonomiko eta kontinenteko plataforma moduan adierazi du. Gune Ekonomiko Esklusiboari buruzko 1978ko otsailaren 20ko Legeak lurralde itsasoaren alboko aldea zehaztu eta horren norainokoa finkatu du. Lege horren arabera, itsasoaren alboko aldea itsasertzetik 200 milia nautiko luzatzen da. Espainiari ondokoak dagozkio gune ekonomikoan eta kontinenteko plataforman: itsasoko hondoaren, lurpearen eta gaineko uren baliabide naturalak miatu eta ustiatzeko eskubide subiranoak; baliabide naturalen gaineko eskubide esklusiboa; baliabide horien artapena, miaketa eta ustiapena arautzeko eskumena; kasuan kasuko xedapenak betearazteko jurisdikzio esklusiboa. Horrek ez du esan nahi nabigaziorako, lurgainean eraikitzeko eta itsaspean kable-hariak jartzeko askatasunak ukitzen direnik. 4. Azkenik, Itsasertzei buruzko 1969ko Legeak herri jabarikoak nahiz jabetza pribatukoak izan daitezkeen lurrak arautu ditu. Alde batetik, uharteen kasua da hori. Herri jabarikoak dira, mareen eragina nabari den punturaino, lurralde itsasoan, barruko uretan eta ibaietan dauden edo horietan sor daitezkeen uharteak. Ondokoak salbuesten dira: norbanakoen edo erakunde publikoen jabetzako uharteak eta horien zatiketaren ondorioz sortutako uharteak. Dena dela, herri jabarikoak dira norbanakoen eta erakunde publikoen jabetzako edota horien zatiketaren ondorioz sortutako uharteen hondartzak, itsaso-lehorreko aldea eta antzeko beste ondasunak. Beste alde batetik, legeak ondokoak aipatu ditu: hondartzetako hareen edota itsasoaren inbasioa izan dezaketen lurrak (inbasio hori berez edo kari artifizialak direla-eta sor daiteke). Lur horiek ez dira herri jabariko ondasun bihurtzen eta norbanakoen jabetzan geratzen dira. Titularrek lurren defentsa obrak egin ditzakete, aldez aurretik administrazio baimena edo emakida eskatzen badute. Obra horiek ezin dituzte hondartzak okupatu, ez eta kasuan kasuko mugapenak edo lege zortasunak narriatu ere; horrez gain, ezin diete hondartzei kalterik eragin. Obrek hondartzak okupatzen badituzte, edo horiei kalte egiten badiete, itsasoak inbaditutako lurrak itsaso-lehorreko herri jabariko ondasun bihurtzen dira, mugaketaren emaitza ikusita.
3. BARRENDEGI PRIBATUAK ONARTZEA ETA ITSASO-LEHORREKO ALDEA USURPATZEA. KONSTITUZIOAREN ETA BOTERE