14
RAMÓN PARADA
3. ADMINISTRAZIO ONDASUNEN OINARRIZKO ERAENTZA JURIDIKOA Jakina denez, Administrazioaren kontratuak kontratu zibilak eta administrazio kontratuak izan daitezke. Dena dela, bi horiei arau multzo bera aplikatzen zaie, gai batzuei dagokienez. Adibide moduan, honakoak dira gai horiek: kontratuen prestaketa jarduerak zein betekizunak, organo eskudunak eta kontratariak hautatzea nahiz kontratuak formalizatzea. Hurrengo kapituluan aztergai izango dugunez, Administrazio zuzenbidearen arau multzoa aplika dakieke Administrazioaren ondasun guztiei (hala herri jabariko ondasunei, nola ondare ondasunei). Arau multzo horri oinarrizko eraentza deritzogu, orokorrean aplikatzen delako eta gainerako arauen aurrekoa delako. Ondokoak sartzen dira multzo horretan: ondasunak kudeatzeko organo eskudunen arauketa; ondasunen inbentario, ikerketa, erreibindikazio eta mugaketari buruzko arauketa eta ondasunon eskuraketa, karga nahiz eskualdaketari buruzkoa. Bada, beraz, oinarrizko eraentza bat, Administrazio zuzenbidearen eta Zuzenbide zibilaren arauetara jo aurretik aplikatzen dena. Herri jabariko ondasunak Administrazio zuzenbideak eraentzen ditu; eta jabari pribatukoak, berriz, Zuzenbide zibilak. Oinarrizko eraentza horren ildotik ulertu behar da Estatuaren Ondareari buruzko Legearen 2. artikuluko iturri sistemaren arauketa. Horren arabera, lege horrexek arautzen ditu estatuaren ondarearen ondasun nahiz eskubideak eta, sorospidez, Zuzenbide pribatuak (Zuzenbide zibilak edota Merkataritzako zuzenbideak). Administrazioaren kontratu pribatuei administrazio arau batzuk aplikatzen zaizkie, eta arauok kontratatzeko gaitasuna mugapetzea baino ez dakarte. Laburrean esateko, administrazio arauak aplikatzean, kontratariak hautatzeko zenbait prozedura erabili behar dira. Nondik-nahi begira dakiola ere, urrunago joan dira Administrazioaren ondasunei aplikatzeko moduko oinarrizko arauak. Zuzenbide erkidearen aldean, eraentza berezi bezain gehiegikoa eratu dute arau horiek, ondasunak publikoak ala pribatuak diren kontu egin gabe. Eraentza horren barruan daude honakoak: Administrazioak bere jabetzak erabiltzeko ezar ditzakeen mugapenak eta Administrazioak bere defentsa eta babeserako dituen pribilejio nahiz gehiegikeriak. Ohartarazi beharra dago eraentza berezi eta gehiegiko hori lege lerruneko arauek legebidezkotu behar dutela; izan ere, eraentza horrek indarrik gabe uzten ditu (zati batean bederen) jabetza zein kontratazio zibila eraentzeko arauak. Horixe da, hain zuzen ere, Estatuaren Ondareari buruzko Legeak betetzen duen egitekoa, estatuko nahiz autonomi erkidegoetako ondasunen eraentza