130
RAMÓN PARADA
eska dezake egintzak eten daitezela, aurkarapena egin eta hurrengo tramitean. Interes orokorraren aurkakotzat jotzen dira plangintza hidrologikoarekin bateraezinak diren egintzak edo erabakiak (16.2. art.). Estatuaren eta autonomi erkidegoen arteko eskumen banaketa konpentsatu nahian, Uraren Nazio Kontseilua eratu da. Kontseilu horrek koordinazio eta kontsulta organo gisa jarduten du eta hau da berorren eskumenik garrantzitsuena: plan hidrologikoen inguruko proiektuei, xedapen orokorrei eta bi arrotako erakunderen edo gehiagoren arteko arazo erkideei buruzko txosten manuzkoak egitea. Estatuak araudian jasotakoa kontutan hartuz, hauek parte hartzen dute Uren Nazio Kontseiluan: Estatuko Administrazioak, autonomi erkidegoetako administrazioek, arroetako erakundeek eta ordezkaritzarik gehien duten lanbide eta ekonomi erakundeek (17 eta 18. art.ak.).
9. ARROETAKO ERAKUNDEAK EDO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOAK Zalantza izpirik gabe, Administrazio hidraulikoaren erakunde nagusiak arroetako erakundeak dira. Arroetako erakundeei konfederazio hidrografiko deritze eta konfederazio bakoitzak bere arroko ibaiaren izena darama. Autonomi erkidegoen esparrua gainditzen duten arroetan soilik eratzen dira konfederazio hidrografikoak (19. art.). Primo de Riveraren garaian, 1926ko martxoaren 5eko Errege Dekretuan, konfederazio hidrografikoak diseinatu ziren. Administrazio autonomoa eta korporatiboa lortzeko ahaleginak izan ziren konfederazio horiek, eta egitura batera bildu zituzten Ur administrazioaren inguruko jarduera eta interesak (S. MARTÍN RETORTILLO). Hau da konfederazio hidrografikoei eratxiki zitzaien egitekoa: «ibaien ubideetatik doazen uren aprobetxamendu orokor eta metodikoaren plana egitea, urak hobeto aprobetxatu, obrak egin, obra eta aprobetxamendu oro arautu eta horietan esku hartzeko». Garai horretan, korporazio eta ganbara ofizial ugari eratu ziren. Hauxe izan zen horien helburua: estatuko ordezkariak eta ekonomi sektore batean interesa zutenak Administrazioaren eraentzapean derrigor elkartzea. Konfederazio hidrografikoek ere eginkizun berdina izan zuten. Konfederaziook autonomia osoz jardun zezaketen, baina jarduera horrek baterakorra izan behar zuen estatuko zuzendaritzarekin. «Industri sindikatu»en erakusgarri dira, beraz, konfederazio hidrografikoak. Sindikatuok ekonomi sektoreak suspertu eta arautzeko nahitaezko elkarteak dira. Industri sindikatuak erakunde berezi moduan eratu ziren, arauketa orokorrik ez zegoelako; hala ere, beste erakundeen ezaugarri berdinak zituzten (MARTÍNEZ LÓPEZ-MUÑIZ). Hainbatenaz, egokia da konfederazioaren ondoko kalifikazioa: erabiltzaileekin batera