102
RAMÓN PARADA
español (Análisis de su naturaleza jurídica); NIETO: Aguas subterráneas: subsuelo árido y subsuelo hídrico, RAP, 56; IDEM: Estudios de Derecho administrativo especial canario, Tenerife, 1972; PÉREZ AFONSO: Aguas subterráneas en terrenos de propiedad particular en Canarias, Madril, 1974; SÁNCHEZ MORÓN: Transformación y pérdida futura o limitación del contenido de la propiedad privada de las aguas, REDA, 46; SILVIA DEL SAZ: Aguas subterráneas, aguas públicas (El nuevo Derecho de aguas), Madril, 1990.
1. UREN TITULARTASUNARI BURUZKO SISTEMAK Uren eraentza juridikoaren inguruan sortzen den lehenengo arazoa da ur horien titulartasuna nori dagokion jakitea. Arazo hori konpontzeko, bi irtenbide proposatu dira: urak ibaiertzen jabetzari lotzea edo ur horiek bestelako jabetza osatzen dutela aintzatestea. Lehenengo kasuan, kontutan hartzen da urak zein lurretatik doazen, zein lurren mugakide diren edota zein lurpetan dauden, eta lur horien eraentza aplikatzen zaie urei ere (akzesio sistema). Bigarren irtenbidearen arabera, uren jabetzak ez du zerikusirik lur horien eraentzarekin. Azken kasu horretan, urak hiritar guztienak direla pentsa daiteke. Labur esanda, inorenak (res nullius) ez direla ulertuz gero, norbanakoek uren jabetza eskura dezakete, ibaiertzeko lurren jabe izan zein izan ez. Kontrara, urak publikoak direla ulertzen bada, orduan norbanakoek ezin dute horien jabetza eskuratu, urak gizaki guztiei erreserbatzen zaizkielako; horrelakoetan, uren zenbait aprobetxamendu eratxiki dakizkieke norbanakoei edo erakunde publikoei. Sistema batera ala bestera lerratzeak zerikusi handia du ur eskasiaren arazoarekin. Teknikak aurrera eta bizi-mailak gora egin ahala, ura urriagotuz joan da eta premia biziko gai bihurtu da. Hori ikusirik, ura publifikatu behar izan da eta etengabe heldu zaio prozesu horri. Ur eskasia susmatu ere ez zen egiten Erromako Zuzenbidean eta urak guztienak zirela onartzen zen. Urak gizaki guztienak zirenez, norbanakoek uren jabetza eskura zezaketen: «Zuzenbide naturalaren arabera, guztien gauzak dira airea, ur lasterrak, itsasoa eta itsasertzak» (Instituta, II. liburua, I. titulua). Logikaren ildotik, urak gizaki guztienak zirela onartuz gero, finka mugakideen ugazabek zuten, hala ur lasterrak, nola urmaelak aprobetxatzeko aukerarik handiena. Hortaz, urei ibaiertzeko lurren jabetzaren eraentza aplikatzen zitzaien. Nolanahi ere, ur garrantzitsuenei, hau da, ibai nabigakorrei eta flotakorrei babes berezia ematen zitzaien, nabigazioa segurtatzeko. Babes horren bidez, nabigazioa oztopa zezaketen eraikinak debekatu ziren: «… ez ezazu egin