suntsitzen denean. Hartzekodunak erantzukizuna du, gauza beraren erruz galtzen denean bakarrik; hau da, ez du erantzukizunik, gauza ezusteko baten ondorioz galtzen bada. Dena den, gauza hartzekodunaren erruz galdu dela uste izango da, kontrakorik frogatu ezean (KZren 1867. art., 1182 eta 1183. art.ei loturik). Gauza pignoratua galtzen bada eta asegururik baldin badago, hartzekodun pignoratizioak eskubidea du, aseguru hori delaeta gauza pignoratuaren jabeari dagokion kalte-ordaina eskuratzeko (AKLren 40.etik 42.erako art.ak). Horrelako kasuetan, bermea eratzen da aseguratzailearen kontrako kredituaren gain. Bestalde, 1191. art.aren arabera, gauza pignoratua hartzekodunari eman eta gero, hori zordunaren esku badago, bahia barkatu dela uste izango da. Presuntzio hori iuris tantum erakoa da; hortaz, horren kontrako frogak onartzen dira. §86. BAHI BEREZIAK 338. Bahi irregularra Bahi irregularraren berezitasunik nagusiena da berorren objektua. Arean, bahi irregularraren objektu dira diru kopuruak (edo bestelako gauza suntsikorrak), inolako zehaztapenik gabe. Bermea betearazteko unea heltzean, hartzekodunak zorrari egotz diezaioke, zuzenzuzenean, bahi moduan eskuratu zuen diru kopurua (edo gauza suntsikorren balioa). Bada, hartzekodunak horretarako ez ditu erabili behar legezko betearazpen prozedurak; beste modu batera esateko, gauza ez da diru bihurtu behar eta ez dago zertan jendaurreko enkantera jo. Bestalde, betebehar bermatua betez gero, hartzekodunak ez du itzuli behar berari eman zaion objektu bera, berari eman zaion diru kopurua baino (edo, hala denean, berari eman zaion gauza suntsikorraren espezie eta kalitate bereko beste horrenbeste). Orobat, bahi irregularra bahi mota bat izan beharrean, betebeharra bermatzeko kontratu berezi bat da. Kontratu horren bidez, hartzekodunari ematen zaio diruaren edo gauza suntsikorraren jabetza; bestela esateko, betebehar bermatua ez bada betetzen, diru edo gauza horrekin betetzen du hartzekodunak bere interesa. Era berean, zordunak zorra ordainduz gero, hartzekodunak itzuli behar du berme gisa eskuratu duenaren espezie eta kalitate bereko beste horrenbeste (ikus AGk 1985eko abenduaren 27an emandako epaia). Gauzak horrela, hartzekodunari bahi moduan txanpon edo bilete identifikatuak (edo gauza suntsikor identifikatuak) ematen bazaizkio, bahi hori bahi arrunta da (eta ez, ostera, bahi irregularra). Hortaz, bermea azkentzean,