erosleak egindako errentamenduak onartu behar ditu, errentamendu horiek onustez eta tokiko ohituraren arabera eratu badira. Notatzekoa da onustea erosle/errentatzaileak bakarrik izan behar duela eta ez errentariak, azken horren egoera psikologikoak (onusteak ala gaitzusteak, alegia) ezbaitu inolako garrantzirik. Halaber, errentamendua tokiko ohiturari helduta eratu behar da. Horrek esan nahi du errentamenduaren iraupenak baduela muga bat, tokiko ohiturak eragina duelako, bai errentamenduaren eraketan, bai kontratu horren edukian, alegia: epean (hori ezin delako ohiturak zehaztutakoa baino luzeagoa izan), errentan (hori ezin delako izan ohiturak ezarritakoa baino txikiagoa) eta kontratuaren beste edozein hizpaketatan.
§84. AUKERA-ESKUBIDEA 328. Kontzeptua Aukera-eskubideak alderdien arteko hitzarmenean du jatorria eta nahibadako eskubidea da. Aukera-eskubidearen bidez, alderdi batek (aukeratzaileak, alegia) ahalmena du, epe zehatz batean, beste alderdiaren (hots, aukeraemailearen) ondasun zehatz batzuk eskuratzeko, bien artean itundutako prezio eta baldintzetan. Bistan denez, aukeratzaileak aukera garaiz eta behar den moduan egikaritzen badu, aukeraemaileak gauza saldu eta eman behar dio, prezioaren truk. Nolanahi den ere, 1991ko martxoaren 4ko epaiak dioenez, saltzailearen xedapen egintzei aplikatzen zaizkien legezko formalitateak bete behar ditu aukeraemaileak. Formaren ikuspuntutik, aukera-eskubidea kontratu bat izan daiteke (aukera kontratu deiturikoa) edo beste kontratu batera bildutako klausula edo hizpaketa bat, esate baterako, errentamendu kontratuaren klausula bat (aukera itun izenekoa). Esangura hertsian, salmentaren alde bakarreko hitzemateak, hots, salerosketa-aurrekontratuak, eratortzen du aukera-eskubidea. Esangura zabalean, berriz, edozein aurrekontratuk erator dezake aukera-eskubidea, aurrekontratu horretako edozein alderdik per se erabaki ahal badu harreman juridiko nagusiak indarrean izatea ala ez. 329. Izaera juridikoa Aukera-eskubidearen izaera zehazte horretan datza doktrina zientifikoak eta jurisprudentziak eskubide horren inguruan izan duten arazorik gogorrenetakoa. Bada, eskubide erreala ala eskubide pertsonala al da? Jakina dugunez, aukera kontratua edo ituna Jabetza Erregistroan inskriba daiteke, HEren 14. art.aren arabera. Kontrakoa pentsa daitekeen arren, Erregistroan inskribatzeko aukera horrek ez du arazoa konpondu. Alderantziz, arrazoiak eman ditu, aukeraren izaera erreala edo pertsonala baieztatzeko eta ukatzeko;