berriz, horri lotuta dagoen jatorrizko eskuratzailearen askatasuna eta ahalmena mugatzen ditu, eskuratzaile horri jadanik eskuratu duen ondasuna kentzen baitzaio, beraren borondatea kontuan hartu gabe. Horrenbestez, ondasunak xedatzeko ahalmenaren eta kontratu askatasunaren mugak direnez gero, modu murrizgarrian interpretatu behar dira eroslehentasunari eta atzeraeskuratzeari buruzko arauak. 313. Atzeraeskuratzearen eta eroslehentasunaren arteko harremanak Aurrerago esanda dagoen bezala, eroslehentasuna eta atzeraeskuratzea ez doaz elkarrekin nahitaez. Hori atera daiteke kasu jakin batzuen arauketatik, horretan atzeraeskuratzeak ez baitu aurretiazko eroslehentasunik behar. Edozein modutara ere, eroslehentasuna beti osatu behar da atzeraeskuratze ahalmenarekin. Dena dela, lehentxoago adierazi izan dugunez, hori ez da gertatzen berez eroslehentasuna atzeraeskuratzearekin joan behar delako, ezpada eroslehentasunaren titularra babestu behar delako. Bada, ondasunaren titularrak ez balio eroslehentasunaren titularrari jakinaraziko besterentze-erabakia, edota berri faltsuak emango balizkio, eroslehentasun-eskubidea ezerezean geratuko litzateke. Are gehiago, halakoetan, eroslehentasuna ez da atzeraeskuratze bihurtzen; aitzitik, kasu horietan, atzeraeskuratzeko eskubidea eroslehentasun-eskubidearen agerpena besterik ez da, besterentzea gauzatu eta gero. Bada, epea atzeraeskuratzearena izan arren, eskubidearen edukia eroslehentasunarena da. Bestalde, subjektu bera izan daiteke aldi berean eroslehentasunaren eta atzeraeskuratzearen titularra; horrelakoetan, subjektuak askatasun osoa du, bietatik edozein egikaritzeko, baita eroslehentasuna egikaritu ez eta, ondoren, atzeraeskuratzea bakarrik egikaritzeko ere. Besterentze berean eroslehentasuna eta atzeraeskuratzea modu independentean egikaritu ahal izate horrek kalte larriak eragin diezazkioke trafiko juridikoan oinarrizkoa den segurtasunari; izan ere, gerta daiteke subjektuak ondasunik ez eskuratzea eroslehenetasunaren bidez eta, gero, iritziz aldatu eta atzeraeskuratzea egikarituz ondasun hori eskuratzea. Bistan denez, egoera hori guztiz berezia da. Gaur egun, ordea, badirudi enfiteusiaren inguruan aitortuta daudela kasu horiek, KZren 1637 eta 1638. artikuluetan. ยง81. LEGEZKO ATZERAESKURATZEA 314. Kontzeptu kritikoa