berak uste duen «bezainbesteko jabe»: etxebizitza denbora banatuan gozatzeko eskubidearen titularrak ezin dira, adierazmoldearen esangura hertsian, jabetza jo (MONTÉS); bestalde, sistemaren jardunbide egokia sozietate administratzaileari eta, hala denean, elkartruke-sozietateari dagokio. Nabari denez, etxebizitza bera 15, 30 edo 52 «jabekidek» zein «bazkidek» erabiltzeak arazo praktikoak sortzen ditu eta egunean-egunean eman behar zaie irtenbidea arazooi: konponketak, altzariak birjartzea, garbiketa... Argi denez, ezinezkoa da hainbeste pertsona ados jartzea, bizitegiak bertan bizitzeko izan behar dituen baldintzen inguruan. Hortaz, bizitegiaren artapena eta administrazioa erakunde baten esku utzi behar dira. Ildo beretik, denbora banatuan lupertzeko eskubidearen titularrak bere gain hartu behar du bizitegiaren artapen eta administrazioaren ondorioz sortutako gastuak ordaintzeko betebeharra (hori berori hartu behar du kontuan titularrak, eskuraketa egitean). Bestalde, «elkartrukea» baldintzapean dago, alegia, elkartrukea egin ahal izateko, apartamenturen bat erabili gaben egon behar da eskubidearen titularrak aukeratu duen tokian eta apartamentuok modu egokian artatu behar dira horiek lupertu ahal izateko. Arazo horien konponbide egokiak, ziur asko, garrantzi gehiago du «multijabearentzat»; arean ere, jabe horrek nahiago du oporretan eroso egotea, berak eskuratutako eskubidearen «izaera juridikoa» zein den jakin baino, baina, egia esan, ezegokia da «multijabetza» terminoa erabiltzea, zalantzak sor ditzakeelako. §78. ABENDUAREN 15eko 42/1998 LEGEA, TURISMO ERABILERAKO ONDASUN HIGIEZINEN TXANDAKAKO APROBETXAMENDU-ESKUBIDEARENA ETA ZERGA-ARAUENA 296.
Hurbileko aurrekariak
42/1998 Legearen zioen azalpenak azaldutakoaren arabera, Estatu kide gehienetan arlo hori arautu gabe zegoenez, asko izan ziren sektoreko gehiegikeriazko egoerak, Europar Batasuna kezkatzeko adina bai, behinik behin. Kezka horren ondorio izan ziren, besteak beste, 1986ko urriaren 17an Europako Parlamentuari aurkeztu jabetzaren inguruan zegoen lege-hutsunea betetzeko ebazpen-proposamena eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1994ko urriaren 26ko 94/47 Zuzentaraua, denbora banatuan ondasun higiezinak erabiltzeko eskubidea eskuratzeko kontratuen zenbait alderi dagokionez, eskuratzaileak babesteari buruzkoa. Azkenean, Europar Batasuna konturatu zen benetako arazoa ez zela legeriarik eza, ezpada sektore horretan kontsumitzaileak zuen babes urria. Horregatik, egokiena zen arlo horretan Zuzentarau baten bidez salbuespeneko