Erregistroan inskriba daitezke, dela ondasun higiezinen legatua, dela finka kargatzen duten pentsioen legatua, legatu horiek titulartasun juridikoerreala eratxikitzen baitute. Dena den, eratxikipen hori gertatu arte, titular horiek euren eskubidea aurreneurriz baino ezin dute idatzohartu. Ikusmira horretatik ulertu izan da idatzohar horiek gerogarrenean egingo den inskripzioa prestatzen dutela. Ondorenez, inskripzioaren ondore batzuk sortzen dituzte, neurri batean behintzat; hala nola, Erregistroko itxiera eragiten dute, bertan idatzoharturiko eskubidearen aurkako titulartasunei dagokienez. Gauza generikoaren legatuari dagokionez, gauza horren balioa aurreneurriz idatzohartzea bakarrik eska daiteke. Idatzohar hori jarauntsiko edozein ondasun higiezinen gainean egin daiteke, ondasun horren balioa legatuaren balioa estaltzeko adinakoa bada eta ondasun hori ez bazaio beste pertsona bati legatu moduan utzi. Idatzohar horrek sorturiko ondorerik garrantzitsuena da legatuhartzaileari kobratzeko ematen dion lehenespena. Ildo horretatik, aintzakotzat hartu behar da legatuhartzaileak bere legatu-eskubidea idatzohartu duen ala ez, testamentugilea hil eta hurrengo ehun eta laurogei egunetan. Horrela egin badu, legatuhartzaileak lehenespena du, subjektu hauen aurretik: inbentario onuraren arabera jarauntsia onartu ez duen jaraunslearen hartzekodunen aurretik; idatzohartutako ondasunen gain, geroago eskubideren bat eskuratzen duenaren aurretik; eta idatzoharrik egin ez duten gainerako legatuhartzaileen aurretik. Aitzitik, legatuhartzaileak bere eskubidea idatzohartzen badu aurreean aipaturiko epea igaro eta gero, lehenespena du, jaraunslearen hartzekodunen aurretik, kasu honetan bakarrik: idatzoharra egin eta gero, hartzekodunek eskubideren bat eskuratu dutenean idatzoharturiko ondasunen gainean (HLren 50.etik 54.erako art.ak).
e) Jarauntsi-eskubidearen aurreneurrizko idatzoharra Jarauntsi-eskubidea aurreneurriz idatzohar daiteke, jaraunsleei ez bazaizkie bereziki adjudikatu ondasun zehatzak edo horien kuotak zein zati indibisoak (HLren 46. art.). Ildo horretatik, ondokoek eska dezakete idatzoharra egitea: jaraunsleek, senipartedunek, zati alikuoten legatuhartzaileek eta jaraunslearen hartzekodunek ere, jaraunsleek ez badute bereziki bermatzen hartzekodun horien kreditua (HEren 146. art.). Idatzohar horrek jarauntsi-eskubidea bermatzeko helburua du eta berme hori jarauntsiaren ondasunen gain gauzatzen da. Eskubide hori besteren eta karga daiteke, bai eta idatzoharraren objektu izan ere.
C) Ongitzeko moduko akatsengatik edo erregistratzailearen ezintasunarengatik aurreneurriz egindako idatzoharra Titulu baten inskripzioa eskatzean, gerta daiteke hori inskribaezina izatea, ongitzeko moduko akatsen bat duelako. Halakoetan, titulu hori aurreneurriz idatzohartzea