hautsi edo berorren egikaritza oztopatzea ahalbidetzen duen titulurik. c) Finka edo eskubidea demandatuaren mesederako inskribatuta egotea eta hori egiaztatzea, Jabetza Erregistroko inskripzioa indarrean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztuz. Kasu horretan sar daiteke, hain zuzen ere, finka beraren gaineko inmatrikulazio bikoitza. d) Demandatuak ez izatea inskribatutako finkaren edukitza, ezpada beste finka baten edukitza. Arazo hori ondasun higiezin biak identifikatuz konpondu behar da. D) Epaiaren ondorea Aurrerago esana doan bezala, hitzezko epaiketa horietan emandako epaiak ez du izango gauza epaituaren ondorerik (PZLren 447.3 art.). Hortaz, alderdiek euren arazoak konpon ditzakete, adierazpeneko epaiketa egokiaren bidez. ยง128. ERREGISTROKO FEDE PUBLIKOA 495. Kontzeptua Zehaztasun-printzipioak Espainiako erregistro sistema eratzen du. Printzipio hori iuris tantum izaerako presuntzioaren bidez azaltzen da, Erregistroko titularraren legitimazioari dagokionez; eta iuris et de iure izaerako presuntzio bilakatzen da, ostera, Erregistroko fede publikoaren baldintzak betetzen direnean. Fede publikoa, izatez, Espainiako Zuzenbidea eratzen duen printzipioetako bat da. Printzipio horrek berarekin dakar Erregistroak eman dezakeen babes mailarik gorena. Bada, fede publikoaren bidez, Erregistroko idazkunetan oinarrituta edozein eskubide erreal eskuratzen duenak a non domino eskura dezake eta beraren egoera erasoezina izango da. Hori berori da Erregistroak ematen duen konponbidea, Erregistroko errealitatea eta Erregistroz kanpokoa bat ez datozen kasu berezietan, lehendabizikoari ematen baitio lehentasuna. Horren inguruan, Zuzenbide konparatuan bi sistema mota bereiz daitezke: batzuek babes hori, hau da, germaniarren babesa