inmatrikulazioa Edozein pertsonak eskubide erreal mugaturen bat baldin badu Erregistroan inmatrikulaturik ez dagoen finka baten gain, pertsona horrek prozedura berezia eragin dezake, jabariaren inskripzioa bultzatzeko eta, horretara, eskubide erreal mugatua Erregistroan agerrarazteko (HLren 7. art.). HEren 312. art.ak arautzen du, arautu ere, prozedura berezi hori. Lehendabizi, eskubide erreal mugatuaren titularrak bere titulua Jabetza Erregistroan aurkeztu eta titulu horren aurreneurrizko idatzoharra egitea eskatu behar du. Hori egin eta gero, jabeari agindeia egiten zaio, notario zein epailearen bidez, jabe horrek finkaren jabetza inskriba dezan, hogei eguneko epean. Jabeak agindeia betetzen ez badu, eskubide erreal mugatuaren titularrak jabetzaren inskripzioa eskatzen du; eta ezin badu eskuratu nahitaezkoa den agiriren bat, laguntza eska diezaioke agintaritza judizialari agiri horiek lortzeko. §123. SEGIDAKO TRAKTUA 484. Kontzeptua eta esanahia Inskripzioa egin ahal izateko, beharrezkoa da eskatzailearen kausatzailea Erregistroko titularra izatea. Beste era batera azaltzeko, eskuratzailearen eskubidea ezin da inskribatu, aurretiaz eskualdatzailearen eskubidea ez bada inskribatu. Hori berori da, hain zuzen ere, segidako traktua. Espainian, erregistro sistemaren printzipio eratzaileetako bat da segidako traktu hori. Hipoteka Legea aintzat hartuta, segidako traktuak eragingarritasun formala besterik ez du. Egineginean ere, erregistratzaileak ez du aztertu behar Erregistroan inskribatutako eskubidearen egiazko titulartasuna. Haatik, eskubidearen eskualdatzailea Erregistroko azken titularra dela egiaztatzea baino ez da erregistratzailearen zeregina. Segidako traktua arautzen du HLren 20. art.ak, ondokoa xedatuz: ondasun higiezinen gaineko jabaria eta bestelako eskubide errealak adierazi, eskualdatu, kargatu, aldarazi edo azkentzen dituzten tituluen inskripzioa zein idatzoharra egiteko, aurretiaz eginda egon behar da egintza horiek burutu dituen pertsonaren eskubideari buruzko inskripzioa zein