Atzera egiteari ezezkoa eman ahal zaio, atzera egite horrek oztopatzen duenean Erregistroan aurkezturiko beste agiri baten idazkuna egitea. Zernahi gisaz, pertsona bera bada atzera egitea eskatu duena eta agiri hori aurkeztu duena, eta pertsona horrek atzera egiten badu bigarren agiri horretan ere, orduan atzera egiteak aurrera egin dezake; era berean, bi horiek pertsona desberdinak izanik, bigarren agiria aurkeztu duenak ere horretan atzera egiten badu, atzera egitea baliozkoa da. Halaber, atzera egiteari ezezkoa ematen zaio, erregistratzailearen ustez horrek hirugarrenari kalteak eragiten dizkionean. Erregistratzaileak emandako ebazpenaren aurka, gobernu errekurtsoa jar daiteke. Atzera egitea administrazio-agiriei edo agiri judizialei buruzkoa bada, atzera egite hori dekretatu behar du Erregistroan aurkezturiko agiria edo manamendua luzatu duen agintaritzak, funtzionarioak eta organoak. ยง120. ERREGISTRATZAILEAK KALIFIKAZIOA
EGINDAKO
469. Esanahia eta norainokoa Espainiako erregistro sisteman, legezkotasun-printzipioa aplikatzen da. Printzipio horren arabera, Erregistroan edozein titulu inskribatzeko (nahiz esangura formalean, nahiz esangura materialean), baliozkoa, eragingarria eta erregistro publizitatea jasotzeko modukoa izan behar da. Hori guztia erregistratzaileak erabakitzen du, Erregistroan aurkeztutako tituluei buruz egindako kalifikazioaren bidez. Eginkizun hori erregistratzaileak bete behar du nahitaez (ikus ENZNk 1986ko uztailaren 14 eta 26an emandako ebazpenak), modu independentean (1988ko otsailaren 5eko ebazpena) eta erantzukizun osoz. Erantzukizun horri buruz ari dira HLren 296. artikulua eta ondorengoak, eta HEren baterakoak. Erregistratzaileak egindako kalifikazioak erga omnes eragingarritasuna du; hala ere, ez du gauza epaituaren ondorerik sortzen, interesdunek beste eskabide bat aurkeztu ahal dutelako