edozelan ere, eskubide errealen titularra izan daitekeen heinean, Administrazioak ere bere eskubideen inskripzioa eska dezake. Azkenik, Erregistroko prozedura ez da gauzatzen Administrazio bideetatik; hori dela bide, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka ezin daiteke jarri Administrazioarekiko auzibide errekurtsorik. Hor esandakoa gorabehera, autore batzuek (esaterako, DE LA RICAk) erregistro-prozedura eta prozedura judiziala parekatu dituzte. Beste autore batzuen iritziz (hala nola, GONZÁLEZ PÉREZen iritziz), Erregistroko prozedurak administrazio izaera du; orobat, prozedura hori berezitzat har daiteke eta ez dago arau orokorren menpe (DÍEZPICAZO). Are gehiago, beste aditu batzuen irudiz, erregistro prozedura tertius genus gisa itxura daiteke, hots, prozedura judizialaren eta administrazio-prozeduraren berezitasunak dituen prozedura gisa. Ildo horretatik, ROCA SASTREren esanetan, prozedura hori izango litzateke «Estatuaren jarduera juridiko hertsia, gizabanakoen zerbitzura jarrita». ENZNren doktrina, ostera, hor esandakoaren aurka azaltzen da. Doktrina horri helduta, borondatezko jurisdikzioaren barruan koka daiteke erregistro prozedura. Doktrina horren erakuskari gisa aipa daiteke ENZNk 1986ko ekainaren 26an emandako ebazpena; gainera, horren alde agertzen dira autore gehienek ere (JERÓNIMO GONZÁLEZ, SANZ FERNÁNDEZ, COSSÍO eta NÚÑEZ LAGOS, besteak beste). Halako doktrinaren inguruan, JERÓNIMO GONZÁLEZek dio erregistratzailearen eginkizuna koka daitekeela «borondatezko jurisdikzio egintzen artean, harreman juridikoen ohiko bilakaera bultzatzen duelako eta ondasun higiezinen inguruko egoerak justifikatzen dituelako». Erregistroko prozedurak izaera hori duela ukatu gabe, LACRUZ eta SANCHOrekin batera adierazi behar dugu, prozedura horrek ez duela bat egiten 1881eko PZLren 1811. art.an jasotako legezko definizioarekin; gisa berean, erregistro prozedurari ezin zaizkio aplikatu artikulu horretan zehazturiko arauak. §119. PROZEDURAREN HASIERA 463. Inskripzio-eskabidea. Erregu-printzipioa