administrazio emakidak ondoren azalduko ditugu, horien araubidea berezia baita (HEren 30. art.). D) Administrazio emakidak HEren 44.6 art.aren harira, finka independenteak izan daitezke administrazio emakidek eratorritako eskubide subjektiboak, emakida horiek ondasun higiezinak badira KZren 334.10 art.aren arabera. Eskubide horiek finka gisa inskribatzean, HEren 60 eta 61. art.etan zehaztutako inguruabarrak agerrarazi behar dira. Inguruabar horiek, besteak beste, ondokoak dira: emakidaren baldintza orokorrei buruzko plegua; emakidaren izaera, izendazioa, iraupena etab; bai eta emakidak uki ditzakeen lurrak ere. Hipoteka Erregelamenduak beren beregi arautzen ditu ur publikoak ustiatzeko emakidak (31 eta 64. art.ak), meatzeak ustiatzeko emakidak (62. art.) eta industria zehatz batzuk ustiatzeko emakidak, elektra energia ekoizteko eta banantzeko helburua dutenean (68. art.). ยง116. FINKAREN DESKRIPZIOA ERREGISTROAN. FOLIO ERREALA. 455. Inmatrikulazioa Inmatrikulazio deritzo Erregistroan finkak lehenengoz agerrarazteko erabiltzen den inskripzio idazkunari. Espainiako erregistro sistema ez da Alemania edo Suitzako sistemen modukoa. Alemania eta Suitzan, finka aurretiaz inskribatu eta finka horren gaineko eskubidea finkatik bereizita inskribatzen da. Espainian, aldiz, batera inskribatzen dira finka eta berorren gaineko eskubidea. Beste hitzez azaltzeko, inmatrikulazioa izan behar da finkaren gaineko eskubidearen lehendabiziko inskripzioa. Zehatzago esateko, HLren 7. art.ari helduta, lehendabiziko inskripzioa finkaren gaineko jabariarena izan behar da. Geroago azalduko dugun moduan, inmatrikulazioa egiteko, HLren 198 eta 199. artikuluek zehaztutako prozedurak erabili behar dira (jabaria zatiturik dagoenean, HLren 377. artikulua