arazo horretaz arduratu zen. Lege hori 1947ko otsailaren 14ko Erregelamenduak garatu zuen. 1947ko Erregelamendu hori 1915eko Erregelamenduaren ordezkoa izan zen. Lehentxoago azaldu dugun moduan, Testu Bateginak eta beraren erregelamenduak aldarazpen asko izan dituzte. Aldarazpen horietako batzuek aparteko garrantzia izan dute eta kasuankasuan aztertuko ditugu, eurok eraldatu dituzten arazo zehatzak azaltzen ditugunean. §111. HIPOTEKA LEGEA ETA KODE ZIBILA 435. Arauketa bikoitza KZren aurreneko proiektuek Erregistro bidezko publizitatea arautu zuten. Garai hartan, banaezinak ziren Erregistro bidezko publizitatearen arauketa eta hipotekaren arauketa. Ildo horretatik, Zuzenbide zibilak arautzen zituen Erregistroan agerrarazitako eskubideak. Ondorenez, Erregistroa bera ere Zuzenbide zibilak arautu behar zuen. Hori dela eta, garai hartako legegileen asmoa zen KZra biltzea ondasun higiezinei buruzko publizitatea edo, zehatzago, publizitate horren alde substantiboak. Hala eta guztiz ere, ez zen horretara egin, 1851tik aurrera kodegintza atzeratu egin zelako foru-gatazka zela eta. Atzerapen horren ondorioz, Gobernuak gai bereziei buruzko lege orokorrak bultzatu zituen. Gai horiek berebiziko garrantzia zuten eta eurei buruzko arauketa ezin zen gehiago atzeratu. Orobat, lege horien artean, lehenengoa eta garrantzitsuena, zalantzarik gabe, 1861eko Hipoteka Legea izan zen. Ezaguna denez, lege horrek hipoteka eta Erregistro bidezko publizitatea arautu zituen eta haren printzipioak indarrean daude oraindik ere, gaur egungo legerian. Hortaz, abaguneko arrazoiek atera zuten Ondasun higiezinen erregistroari buruzko zuzenbidea legeria zibil orokorretik eta ez, ostera, arrazoi zientifikoek. Arean ere, oinarri-legeen sistema erabilita, gaur egungo Kode Zibila egiten hasi ziren eta oinarri horietan ez zuten sartu ondasun higiezinei buruzko publizitatearen arauketarik. Nolanahi ere, Hipoteka Legera bildutako publizitate-printzipio batzuen aipamena egin zuten oinarri batzuek.