zuzenbide materiala (arau zibilek osatzen dutena); eta, bestetik, Ondasun higiezinei buruzko zuzenbide formala (administrazio arauek osatzen dutena, hau da, Erregistroaren alde teknikoei buruzkoa). 426. Testu arauemaileak Hipoteka Legera eta berorren erregelamendura bildu da, batik bat, Ondasun higiezinen erregistroari buruzko zuzenbidea. 1946ko otsailaren 25eko Dekretuak onetsi zuen lege horren testu bategina; erregelamendua, berriz, 1947ko otsailaren 14ko Dekretuak. Gerogarrenean, lege horiek eraldaketa jaso dute. Arauketa horren jatorri historikoak bultzatuta, bi xedapen horien izendazioak hipoteka-eskubidea baino ez du aipatzen. Hala ere, Erregistroaren gaur egungo xedea da ondasun higiezinen gaineko eskubide erreal guztiei publizitatea ematea; areago oraindik, esan berri dugun moduan, publizitatearen babesa zabaltzen zaie eskubide pertsonal batzuei ere (HLren 2.5 art. eta HEren 14. art.). Horrexegatik, modu zehaztugabean baino ez bada ere, sinonimotzat hartu dira, batetik, Hipoteka Zuzenbidea eta Ondasun higiezinen erregistroari buruzko zuzenbidea; eta, bestetik, Hipoteka Erregistroa eta Jabetza Erregistroa. Ondasun higiezinen erregistroari buruzko zuzenbidearen araubidea aztertu behar da, KZren 605.etik 608.erako artikuluak aintzakotzat hartuta. Geroago azalduko diren arrazoi historikoak direla bide, araubide horrek erregistro bidezko publizitatearen ildo nagusiak baino ez zituen jaso. ยง109. ONDASUN HIGIEZINIEI BURUZKO ERREGISTROEN PUBLIZITATE-SISTEMAK, ZUZENBIDE KONPARATUAN 427. Oharbide orokorrak Ondasun higiezinen erregistroari buruzko zuzenbidearen azalpena hasteko, ohikoa izaten da Zuzenbide konparatuan aplikatzen diren sistema batzuk aztertzea. Zehatzago esatearren, herri jakin batzuen erregistro sistemak printzipio ezberdinetan oinarritzen direnez