Hogeita hamalaugarren gaia ONDASUN HIGIEZINEN ERREGISTROARI BURUZKO ZUZENBIDEA Laburpena: ยง106. Ondasun higiezinei buruzko erregistro-publizitatea 421. Ideia orokorrak 422. Ondasun higiezinei buruzko erregistro-publizitatea ยง107. Jabetza Erregistroa 423. Jabetza Erregistroa, erakunde juridiko gisa 424. Jabetza Erregistroa, administrazio-erakunde gisa ยง108. Ondasun higiezinen erregistroari buruzko zuzenbidea 425. Kontzeptua eta izaera 426. Testu arauemaileak ยง109. Ondasun higiezinei buruzko erregistroen publizitate-sistemak, zuzenbide konparatuan 427. Oharbide orokorrak 428. Frantziako sistema 429. Alemaniako sistema 430. Australiako sistema.
ยง106. ONDASUN HIGIEZINEI BURUZKO ERREGISTRO-PUBLIZITATEA 421. Ideia orokorrak Jakina denez, kreditu-eskubidearen eta eskubide errealaren arteko bereizketan oinarritzen da Ondareari buruzko zuzenbidea. Bi horiek dira, hain zuzen ere, ondarearen gaineko eskubide subjektiboa agertzeko erak. Teorian nahiz praktikan, kreditu-eskubideak eta eskubide errealak errealitate juridiko desberdinak dira, ezaugarri ezberdinak dituztelako. Nolanahi ere, aurreko gaietan azaldu dugunez, bi kategoria horien mugak zehaztean, hamaika eztabaida izan dira doktrinan. Hori dela eta, autoreen artean, jarrera ezberdinak nabari daitezke eta jarrera horiek teoria ezberdinetan mamitu dira. Edozein modutan ere, orain ez ditugu bananbanan aztertuko teoria horiek guztiek dituzten abantailak eta akatsak.