gauzatu behar da eta Jabetza Erregistroan jaso, bazterreko oharraren bidez. 386. Hipoteka-kredituen merkatua eta mobilizazioa: Hipoteka Merkatuaren Legea Hipoteka-kredituak aktibo ibilgetuak dira finantza-erakundeentzat. Bestela esanda, hipoteka-kredituak trabak edo oztopoak ziren, ezinezko egiten baitzuten eskuarte-kopuru handiak (mugiezinak) beste eragiketa batzuetan inbertitzea. Gainera, amortizazio-aldi luzeen ondorioz, hipoteka-kredituak ez ziren likidoak. Horregatik, martxoaren 25eko 2/1981 Legeak, Hipoteka Merkatuari buruzkoak (aurrerantzean, HML), eta horren 1982ko Erregelamenduak (martxoaren 17ko 685/1982 EDk) hipoteka-kredituen zirkulazioa arautu dute. Gerogarrenean, legea eta erregelamendua eraldatu egin dira. HMLk ahalbidetu du finantza-erakunde batzuek hipoteka-kredituak zirkulazioan jartzea. Egin-eginean ere, finantza-erakundeek hipoteka-kredituak eman ditzakete, balore-titulu batzuen bidez gauzatzen diren finantza- zein kreditu-izaerako eragiketa batzuk bermatzeko; hipoteka-kreditak balore-titulu horietan jasotzen dira, eta balore-tituluok negoziatzearen ondorioz zirkulatzen dute trafikoan. Beraz, legearen arabera, hipoteka-kredituak erakundeek jaulkitako titulu batzuk berma ditzake. Titulu horiei hipoteka-titulu deritze, eta horien artean daude hipoteka-zedula, -bonu eta -partaidetzak. Ildo horretatik, hipoteka-kredituak eragiketa ekonomiko batzuk bermatzeko eta ziurtatzeko osagai edo erakunde juridiko-ekonomikoak dira. Ondorenez, hipoteka-kreditu horiek mugikorrak dira, trafiko juridiko-ekonomikoan sartzen dira, eta hori guztia ahalbidetzen duen merkatua dute. Hain zuzen ere, horixe izan da HMLk aintzat hartu duena, bere helburu naguasia lortzeko: hipoteka-kredituetara bildutako errekurtso ekonomikoak zirkulazioan jartzea, eraikuntza eta antzeko jarduerak sustatzeko, eta errekurtso ekonomiko horien merkatua arautzea. Laburbilduz, legeak eta erregelamenduak aipatu hipoteka-tituluen jaulkipena arautu dute (lehenengo mailako merkatua), bai eta tituluon negoziazioa ere (bigarren mailako merkatua). Aipatu bezala, hipoteka-merkatuaren egituran lehenengo mailako merkatua eta bigarren mailako merkatua bereizi behar dira. Lehen mailako merkatuan eragiketa aktiboak eta pasiboak gauzatzen dira (hipoteka-kredituak eratzea eta hipoteka-tituluak jaulkitzea), eta bigarren mailako merkatuan hipoteka-tituluak negoziatzen dira, hau da, hipoteka-kredituekin bermatutako hipoteka-tituluak trafiko ekonomikoan sartzen dira. Aipatu legearen ondorioz, 1. art.ak, 2 eta 3. artikuluekin batera, zerrendatu finantza-erakundeak hipoteka-maileguak eman eta mailegu horiek finantzatzeko behar besteko tituluak jaulki ditzakete. Era berean, erregelamenduaren 9. art.ak zehaztu betekizunak betetzen dituzten sustatzaile, eraikitzaile, eta ondasun higiezinen finantza-errentamendurako sozietateek