Eskubide errealak2

Page 163

Nolanahi den ere, hipoteka ez bada nahikoa kreditu osoa estaltzeko, hartzekodunak, HLren 121. artikulua dela bide, diferentzia horren ondorioz berreskaera-eskubidea egikari dezake, zordunak bere esku dituen gainerako finka hipotekatuen aurka; dena den, diferentzia hori erreklamatzeko, hartzekodunak ez du inolako lehenespenik izango, hipoteka inskribatu eta gero finka hipotekatu horietan eskubide errealik eskuratu duten subjektuei begira. Azkenik, finka bakar bat hipotekatu eta hipoteka hori eratu ondoren finka zatitzen bada, finka berrien artean hipoteka-kreditua banatu gabe, hipoteka hori hipoteka solidario bihurtzen da; horren ondorioz, HLren 123. art.aren arabera, hartzekodunak asegurupeko zenbateko osoaren ondorioz berreskaera-eskubidea egikari dezake, finka zatitu eta gero sorturiko finka berri baten aurka edo guztien aurka. HLren 124. artikuluak agintzen duenez, kreditu bakarra bermatzeko finka batzuen gain eraturiko hipoteka zatitu eta gero, edozein finkari dagokion kreditu zatia ordaintzen bada, interesdunak eska dezake hipoteka zati batez ezereztea, finka horri dagokionez. HLren 124. art.aren eta KZren 1169. art.aren artean aurkakotasunik al dago? Besterik zehaztu ezean, hipoteka-erantzukizuna banatzeak ez dakar kreditua zatitzea (finka hipotekatuaren hirugarren edukitzailearen kasuan, hau da, HEren 221. art.ko kasuan salbu). Aiurri berean, banaketa horrek ez dakar zati batez edo zatika ordaintzeko aukerarik (ordainketa eragingarria, askatzailea eta azkentzailea egiteko aukerarik, alegia), ezta hipotekaren ezerezte partziala eskatzeko ahalmenik ere (HLren 124. artikulua). Halakoak gerta daitezke, ostera, hartzekodunak ordainketa partziala onartuz gero (a priori, kontratuan bertan edo, a posteriori, betearazpen unean). Hortaz, HLren 124. art.aren eta KZren 1169. art.aren artean ez dago aurkakotasunik. Alderantziz, DE BUEN eta DE CASTROk adierazi dutenez, lehenengo artikuluak kontuan hartzen du hipoteka-hartzekodunari bere kreditua zati batez ordaindu zaiola eta, hortaz, ordainketa partzial hori onartu duela; azken buruan, manu horren egitezko kasuan ulertzen da hartzekodunak bere adostasuna eman duela, hipoteka-erantzukizuna banatzeko ez ezik, kreditua zatitzeko ere.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Eskubide errealak2 by elkarmedia - Issuu