C) Anatozismoa Azkenik, MKren 317. art.ak ondorioztatzen duenez, merkataritzako maileguetan, hipoteka bidez ezin dira bermatu korrituek sortutako korrituak, gisa bertsuan, ezin da eskrituran adierazi bihar-etzi sortu eta ordaindu gabe geratzen diren korrituak modu automatikoan kapitalizatuko direnik. PEÑAk esan duenez, kreditudun kontu-korrontearen azken saldoa bermatzen denean izan ezik, kapitalizazioa egin daiteke, kontratugileek hori itundu, eta korrituak muga-eguneraturik eta likidatuta daudenean bakarrik (MKren 317. art.).
369. Hipotekaren zabalkuntza deiturikoa Preskribatu gabe baina muga-eguneraturik dauden korrituak ez badira ordaintzen, Hipoteka Legeak hartzekodunari ahalbidetzen dio, hipoteka-akzio erreala eta akzio pertsonala egikaritzea ez eze, hipoteka zabaltzea ere. Zabalkuntza hori honetara egiten da: a) HLren 115. art.aren arabera, muga-eguneraturik baina ordaindu gabe (eta preskribatu gabe) dauden korrituak ez badira HLren 114. art.aren arabera bermatu, korritu horiek bermatzeko, hipoteka-hartzekodunak zordunari eska diezaioke, hipoteka ondasun hipotekatuen gain zabaltzea; hipotekaren zabalkuntza horrek ezin die kalterik egin, sekula ere, aurretiaz Erregistroan inskribatu diren eskubide errealei. b) Zorduna ez bada finka hipotekatuaren jabea, hartzekodunak ezin dio zordunari eskatu hipoteka zabaltzea. Kasu horretan, hartzekodunak eskubide bera egikari dezake, zordunaren beste edozein ondasun higiezinen gain, hori hipotekatzeko modukoa baldin bada (HLren 115. art.). Hartzekodunak ez badu inolako asmorik hipotekaren zabalkuntza lortzeko, eta hipoteka-akzioa egikaritzen badu, HLren 135.2 art.ko araua hartu behar da kontuan. Horren harira, muga-eguneraturiko korrituak (edo kapitalaren epe bat ere) ordaintzeko finka hipotekatua besterendu behar bada, eta betebeharraren epe batzuk muga-eguneratzeke badaude, hipoteka erosleari eskualdatuko zaio, ordaindu gabe dagoen kreditu zatiari dagokion hipotekarekin batera. Hipoteka-hartzekodunak hipoteka-akzio errealaren bidez ezin ditu eskatu korritu batzuk.