errentari horren ordez beste pertsona bat jar daiteke, gozatze bera eskuratuz. Hor esandakoaren aurka, DE BUENek eta VALLETek diote errentamendu-eskubidea eskubide erreala dela eta halako ondare-eskubideen ezaugarriak dituela, alegia: zuzenekoa, erabatekoa eta iraunkorra izatea. VALLETen iritziz, hipoteka daitezke, nola Kode Zibilak arauturiko errentamendu-eskubidea, hala HELk arauturiko negoziolokalen errentamendu-eskubidea. Ildo horretatik, hipoteka betearazteak negoziolokala intsuldatzea dakar eta, horretarako, legezko baldintzak bete behar dira. Legeria bereziak arauturiko beste errentamendu-eskubideak, aldiz, ezin dira hipotekatu. OHHELBLren arabera, merkataritzako establezimenduaren gaineko hipotekaren barruan sartzen da errentamendu-eskubidea; dena dela, eskubide hori ez da zuzenean hipotekatzeko modukoa (20. art.). Hortaz, DÍEZPICAZO eta GULLÓNek diotenez, ezin da ulertu zergatik negoziolokalaren errentariak errentamendua hipoteka dezakeen merkataritzako establezimendua osorik hipotekatzen duenean eta ez, ordea, errentamendua bakan edo modu isolatu batean hipotekatu nahi duenean; hots, zergatik ezin den hipotekarik eratu bananbanan. Bestalde, PEÑAren iritziz, badirudi Ondasun Higigarrien gaineko Hipoteka eta Edukitzaren Lekualdaketarik gabeko Bahiari buruzko Legeak berak onartzen duela ondasun higiezinen gaineko hipoteka eratzea, Erregistroan inskribaturiko errentamenduaren gain (75.3 art.).
Laburbilduz, errentamendu-eskubidea hipotekatu ahal izateko, eskubide horrek ondoko betekizunak izan behar ditu: a) Jabetza Erregistroan inskribaturik egotea (HLren 2.5 art.); eta b) errentariak errentamendu-eskubidea intsuldatu edo lagatzeko ahalmena izatea. §92. HIPOTEKAREN HEDADURA OBJEKTIBOA 363. Hedadura objektiboaren kontzeptua zehaztea Hipotekaren hedadura izan daiteke, bai ondasun hipotekatuaren ingurukoa, bai hipotekak bermatzen duen betebeharrari buruzkoa. Orobat, zehaztu beharra dago ondasun hipotekatuaren gorabeherek (akzesioek, hobekuntzek eta abarrek) eta betebehar bermatuaren gorabeherek (korrituek) zenbaterainoko eragina duten jadanik eratuta dagoen hipotekaren gain. Hori azaltzeko, hipoteka-bermearen hedadura azalduko dugu, ondasun higiezin hipotekatuari begira. Hipoteka Legeak