PICAZO). Gatazka horien konponbideak desberdinak izan daitezke, hau da, jabetza eskubide berriak ez du zertan beti esklusiboa izan; batzuetan, gauzaren gaineko titularkidetasuna eratzen da. Lehen esan dugun moduan, konponbide horiek lotura edo bategitea eragin zuten baldintzen araberakoak dira eta beherago aztertuko ditugu, orokorrean aipatu izan diren akzesio kasu guztiak kasuankasuan jorratuz. §12. ONDASUN HIGIEZINEN ARTEKO AKZESIOA 36. Alubioia Ibaien ur lasterrak, urbazterretako lurretan eragindako higaduraren ondorioz, harriak eta basa eramaten ditu; harri eta basa horiek urbazterretako beste lur batzuetan jalkitzen dira, lurrak gehiagotuz. Kode Zibilaren 366. artikuluaren arabera, gehiagotze hori materialak jalki diren landetako jabeei dagokie; gainera, jabeok ez dute zertan lurzati berria okupatu, hots, eskuraketa zuzenean gauzatzen da. Horrek ez du esan nahi, ordea, ibaien bazterretako finkei bakarrik aplikatzen zaienik 366. artikulua; arean ere, artikulu horretara biltzen diren kasuen artean izango dira errekak eta urtegiak ere. Horixe egin dute Urei buruzko Legearen 5 eta 11. artikuluek, euriurak biltzen dituzten ubide guztiak euren barruan hartuz. KZren 367. art.ak ezarri du, aurrena, lur horiek urmael edo aintziren mugakide direnean, jabeek ez dituztela eskuratzen urek berez gutxitzean agerian utzitako lurrak; eta, hurrena, jabeok ez dituztela galtzen urek aparteko gorakaden ondorioz estalitako lurrak. KZren 367. artikuluak ez ditu arautzen lurren mugimendu somaezinak, ezpada uren gorabeherek eragiten dituzten ustekabeko aldaketak. Urmael eta aintzirekin mugakide diren urbazterretako landen mugak zehatzak izanik, artikulu horrek bermatzen du muga horiek ez direla aldatuko; hau da, landa horien mugak iraunarazten ditu. Horretara, urek gora eginez gero, finkaren zabalera aurreko berbera izango da; era berean, jabeak berreskuratu egingo du urek estalitako finkaren zatia, urek behera egiten dutenean. 37. Erauzpena Erauzpena ez da urek pixkanaka eragindako jalkitzearen ondorioa; aitzitik, erauzpena gertatzen da ibaien ur lasterraren indarrak lurzati jakin bat beste landa batera eramaten duenean. Horrelakoetan, KZren 368. art.aren aginduz, urek eraman duten lurzatiaren jabeak ez du horren gaineko jabetza