eskuratzeko eskubidea; bigarrena, saria jasotzeko eskubidea. Eskubide horiek behinbehinekoak, eskualdagarriak eta enbargatzeko modukoak dira (DÍEZPICAZO eta GULLÓN). Gehienetan, galdutako gauza aurkitzen duenak ez du jabetza eskuratzen, ezpada gauza horrek duen balioaren portzentaia jasotzeko eskubidea; nolanahi den ere, aurrerago adierazitako epean jabea agertzen ez bada, Estatuak jabearen eskubideak emango dizkio aurkitzaileari. Altxorrari helduz, lehendanez, KZren 352. art.ak ezarritakoa hartu behar da kontuan; artikulu horren arabera, altxorra da diruaren, bitxien nahiz beste edozein objektu baliotsuren gordailu ezkutu eta ezezaguna. Ildo horretatik, KZren 351. art.ak ezarri du, batetik, altxorra zein lurretan aurkitu eta lurron jabea dela altxorraren jabea eta, bestetik, altxorra, ustekabean, inoren zein Estatuaren lurretan aurkituz gero, erdia aurkitzaileari dagokiola (era berean, ikus KZren 614. art.). Orokorrean, jabeak bere funtsean aurkitutako altxorrak eskuratzen ditu. Espainiako Zuzenbidean, eskuratzeko modu hori akzesio gisa edo izaera berezidun ex lege eskuraketa gisa azaldu izan da. Berez, ez du ematen benetako akzesioa izan daitekeenik, jabeak altxorra eskuratzeko aurkitu egin behar duelako. Horrez gain, KZren 610. art.ak altxorraren eskuraketa okupazio kasuen artean aipatzen du; izatez, okupazio kasu berezia da, altxorrak okupatzeko ez delako beharrezko gauza nulliusa izatea. Horren ildotik, Italiako autore batzuek altxorraren inventioa kasu berezi legez azaldu dute, hots, eskuratzeko modu berezi eta autonomoa da, jatorrizko modua, hain zuzen ere. Konplexuagoa da azaltzea inoren funtsean aurkitutakoaren eskuraketa; hori okupazioaren bidetik azaldu izan da, antza denez, KZren 610. art.ak horretara behartzen duelako. Dena den, hori ez litzateke okupazio materiala izango, ez baita beharrezkoa edukitza eskuratzea esangura hertsian. Horregatik, eskuraketa hori legearen xedapen berezi baten bidez gauzatu dela onartu beharko genuke, neurri batean behintzat. Ez da batere erraza azaltzea jabeak zein eskubide duen, beraren funtsean inork altxorrik aurkitzen duenean; ez da batere erraza, batez ere, hirugarrenak altxorraren edukitza materiala eskuratu duenean. Historian zehar, hiru bide hartu izan dira hori azaltzeko: jabetza dagoelako presuntzioa izatea, ekitatea eta «jabetzaren garapena», hain zuzen ere. Ez da hain argia ere aurkikuntza ustekabe gertatu behar dela, betekizun hori Kode Zibilaren aurrekarietan azaldu izan bada ere, esate baterako, Partidetan. Bestalde, aurkitzailea da zuzenean altxorra aurkitzen duen hori eta ez, ostera, beste inoren esanetara edo haren kontura diharduena, salbu eta jabeak berak agindu dituenean altxorra aurkitzeko lanak. Altxorra inoren funtsean ustekabe aurkitzen denean, aurkitzaileak altxorraren erdia eskuratzen du eta, une berean, lurzati horren jabeak beste erdia eskuratuko du; hori dela eta, aurkitzailea eta jabea altxorraren jabekide