Laugarren gaia ESKUBIDE
ERREALEN DINAMIKA (I).
ESKURAKETA
Laburpena: §9. Espainiako antolamendu juridikoan eskubide errealak eskuratzeko sistema, orokorrean 26. Kode Zibilaren 609. artikulua. Manu horren interpretazioa 27. Eskuratzeko moduak 28. Jatorrizko eskuraketa: §10. Eskuraketa eratorria 29. Eskuraketa eratorriaren sistemak 30. Titulu eta moduaren sistema: 31. Titulua 32. Modua. Traditioa 33. Traditioa eta Erregistroan inskribatzea
§9. ESPAINIAKO ANTOLAMENDU JURIDIKOAN ESKUBIDE ERREALAK ESKURATZEKO SISTEMA, OROKORREAN 26. Kode Zibilaren 609. artikulua. Manu horren interpretazioa KZren III. liburuko («jabetza eskuratzeko modu desberdinak») lehenengo artikuluak, hots, 609. artikuluak, hauxe du xedaturik: «Jabetza eskuratzen da okupazioaren bidez. Ondasunen gaineko jabetza eta beste eskubide errealak eskuratu eta eskualdatzen dira legearen bidez, dohaintzaren bidez, testamentuzko nahiz testamenturik gabeko oinordetzaren bidez, eta, zenbait kontraturen ondorioz, traditio bidez. Haiek eskura daitezke, orobat, preskripzioaren bidez.» Manu horretan oinarriturik, jabaria eta gainerako eskubide errealak eskuratzeko modu ezberdinak bereizten dira. Legearen aginduz, egitate juridiko batzuen bidez eskubide errealak eskura daitezke; egitate juridiko horiek dira, hain zuzen ere, eskuratzeko moduak (ALBALADEJO).