Eskubide errealak1

Page 71

eskubide errealen egikaritza, bai eskubide horrek titularrari ematen dion egoera, urratzen dituzten egintzen aurka. Lehenengoari dagokionez, kalteak eskubidearen egikaritza eragozten badu, babes horren bidez, titularra berriro ezartzen da kalterik gabe izango zukeen egoera berean. Bigarrenaren inguruan, arazoa maila juridikoan azaltzen bada, hots, kalteegileak titularraren egoera juridikoaren bidezkoketa ukatzen badu edo titularrak duenarekin bateraezina den beste titulu bat azaltzen badu, orduan egoera argitzera bideratuta dago babesa, egoerari ziurtasuna emanez. Batzuetan, menekotasun horrek lotura estuagoa edo askatasunaren murrizketa gogorragoa dakar. Hori berori gertatzen da lupertzeko eskubide errealetan; izan ere, gauza berak izan ditzakeen erabilera edo aprobetxamendu desberdinen gain, bi eskubide pila daitezke, nahiz eta horiek elkarren aurkakoak izan. Horrelakoetan, kargak edo, zehatzago, karga errealak daudela esan ohi da. Adierazmolde horiek zortasunari buruzko KZren 530. artikuluan agertzen dira, eta hizkera juridikoan sarritan erabiltzen dira. Beste batzuetan, ordea, KZk edo HLk modu zehaztugabean aipatzen dute menekotasuna. Adibidez, betebeharraren betetzea bermatzen duen ondasun higiezina hipotekari lotuta dagoela esaten denean (HLren 104. art., KZren 1876. art.), menekotasun hutsa baino zerbait gehiago adierazten da: karga deritzogun «zuzeneko» menekotasuna, alegia. Orokorrean, kargak adierazten du eskubide pertsonala murriztuta dagoela, eskubide pertsonal hori beste inoren eskubidearekin pilatzen delako eta bigarren horren egoera errespetatzeko beharra dagoelako. Bukatzeko, eskubide erreal mota batzuei dagokienez, karga egoerak eginbeharrak dakartza; horrek esan nahi du kargapeko subjektuei jokabide jakin batzuk eskatu ahal zaizkiela. Orokorrean, jokabide horiek negatiboak edo zerbait ez egitekoak izaten dira, baina positiboak ere izan daitezke (esaterako, zentsuen kanona edo pentsioa ordaintzea). Orobat, betebehar izaerako harremanen barrukoak badira ere, tradizio historikoa dela medio, harreman juridiko errealetan sartzen dira. Harreman horiek iraunkorrak izateko joera dutenez gero, eurok eratzen dute interesak bideratzeko egiturarik nagusiena. §7. ESKUBIDE ERREALEN BABESA ETA PUBLIZITATEA 21. Publizitatea, babeserako baldintza «Eskubide subjektiboen estatikak ezartzen duenez, eskubideen titularrari ezin zaizkio eskubideak kendu, horretarako adostasunik ematen ez badu; eskubide berberen dinamikak dakarrenez, eskubidearen eskuratzaileari ezin zaio kendu berak eskuratu duena, eskubidea eskuratzean ezagutu ez zuen edo ezagutzeko beharrik ez zuen arrazoiren batean oinarrituz» (DÍEZ-


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.