Eskubide errealak1

Page 59

Historian zehar, bi izan dira eskubide errealen titularkidetasun motak: erromatarren erkidegoa edo kuotetan zatitutakoa eta germaniarren erkidegoa edo erkidego arrunta, hain zuzen. Lehendabizikoa KZren 392. art.an eta ondorengoetan arautzen da. Arauketa horretara ez dira jabekidetasun-kasuak bakarrik biltzen; aitzitik, arauketa hori aplikatzen zaie eskubide errealen titularkidetasun kasu guztiei. KZren 392. artikulu horrek dioenez, eskubide baten gaineko jabetza dagoen kasuei aplikatzen zaie, edozelan ere, eskubide baten jabetza eskubide horren titularkidetasuna da. Jakina dugunez, Kode Zibilaren eredua aplikatzen da eraketa-tituluak xedapen berezirik ezarri ez duenean. Eta eredu hori bat dator erromatarren erkidegoarekin: kuotetan zatitutako erkidegoarekin, alegia. Erromatarren erkidegoa, izatez, hiru printzipiotan oinarritzen da: lehenengo eta behin, kuotak harmonizatzen ditu taldearen eskubideak eta talde horretako kide edo erkide bakoitzak dituenak. Bigarrenez, erkidegoa egoera iragankorra da, antolamendu juridikoak egoera hori mesfidantzaz hartu duelako beti; horregatik, halako egoerak azkentzeko bidea erraztu egin da, horretarako akzio berezia xedatuz (zatiketa akzioa). Azkenik, erkidegoa berez azaltzen da, bestelako egoerekin loturarik ez duelako. Horren harira, aldi berean pilatzen diren titularrak ondoko printzipioak kontuan hartuz antolatuko dira: autonomia pribatua (erkideek euren burua antolatzen dute); proportzionaltasuna (titular bakoitzaren kuota nolakoa izan eta halakoa izango da eskubidearen egikaritza); printzipio demokratikoa (erabakiak adostasunez hartzen dira, kasu batzuetan, gehiengoaren onarpenaren bidez, esaterako, administrazioari buruzkoa; hala ere, interesen gehiengoa hartzen da kontuan, ez, ordea, pertsonen gehiengoa); eta, amaitzeko, banakako askatasunaren printzipioa, horretan oinarrituz, edozein erkidek erkidegoaren zatiketa eska dezake eta partaidetzari uko egin diezaioke. Germaniarren erkidegoak edo erkidego arruntak ez du jatorri historiko argirik eta Espainiako Zuzenbidean kasu gutxi batzuk antolatzeko baino ez da erabili, berbarako, mendiak erkidegoan ustiatzen direnean. Nolanahi den ere, zenbait autoreren ustez, erkidego mota horrek azal ditzake beste kasu batzuk ere, adibidez, irabazpidezko sozietatea. Erkidego mota horren bidez, interesak beste modu batera bideratzen dira; arean ere, ez dago kuotarik, eta egotekotan, ez du eskubidearen neurririk ematen. Ezin da desegitea eskatu, ez eta zati bat bakarrik xedatu ere, zati ideala izan arren. Erkidegoa da aldez aurretik erkideen artean dauden harreman juridikoen (esate baterako, familia-harremanen edo auzikideen arteko harremanen) ondorioa, eta harreman horiei lotzen zaie. §5. HARREMAN JURIDIKOERREALEN OBJEKTUA


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Eskubide errealak1 by elkarmedia - Issuu