erkidegoa aipatzen duenean —baita bazka zortasuna ere, eta arlo horretan—, elkarrekiko zortasunei buruz ari da. Zortasun horietan, zortasunpeko finka finka nagusia da aldi berean (600 eta 602. art.ak). Gisa berean, Kode Zibilak onartzen du, zortasun berberaren gain, titularkidetasuna ezartzea (601. art.). Bi kasuotan, zortasunaz hitz egin daiteke, esangura hertsian, inoren lurra aprobetxatzen baita. Horren ildotik, Kode Zibila erkidegoari buruz ari da, lehendabiziko kasuan, bazkak erkidegoan jartzen direlako, elkarrekiko zortasun horretan; eta, bigarren kasuan, aldiz, eskubide bat pertsona batzuei (KZren 392. art.ak aipatzen dituen pertsonei) dagokielako pro indiviso. Horren ondorioz, kasu horietan aplika daiteke KZren 603. art.an aipaturiko luditze-aukera. §69. LEGEZKO ZORTASUNAK BEREZIKI 260. Kontzeptua Aurreko gaian aztertu izan dugunez, legezko edo nahitaezko zortasunetan, legeak eskubidea ematen dio zortasun horien onuradunari, halakoen ezarpena eskatzeko, nahiz eta zortasunpeko lurraren jabea horren kontra azaldu. Kode Zibilak horien arauketa egiten du, «legezko zortasunak» idazpurupean eta, zehatzago esateko, KZren 549.etik 593.erako art.etan. Dena den, artikulu horietara biltzen diren kasuek ez dute izaera bera. Batetik, manu batzuek egiazko jabari mugak arautzen dituzte. Arean ere, manuek modu automatikoan ezartzen dituzte muga horiek; ondorenez, ez dute eraketa egintza berezirik behar —ez negoziorik, ez epaileak edo Administrazioak emandako ebazpenik—, ezta inskripziorik ere, eta ez dira azkentzen ez erabiltzeagatik. Muga horiek ezartzen dira, auzotarren arteko harremanen arabera edo herri-onuran oinarrituta. Halaber, ez da ordaindu behar jabari muga horiek eragindako kalterik. Bestetik, manu horien artean, Kode Zibilak arautzen ditu legezko zein nahitaezko zortasunak ere. Zortasun horiek, izatez, jabetzaren eduki arruntari egindako salbuespenak dira. Gorago esana doan bezala, zortasun horien onuradunak zortasunon ezarpena eska dezake, legeak horretarako eskubidea ematen baitio. Orobat, ez dago inolako presuntziorik, legezko edo nahitaezko zortasunak badirela uste izateko. Horrez gain, zortasun horiek hirugarrenen aurka eragina izan dezaten, Erregistroan inskribatu behar dira —agerikoak direnean izan ezik, Auzitegi Gorenaren doktrinaren arabera—. Gisa berean, zortasun horiek ez erabiltzeagatik azkentzen dira. Eta, azkenik, zortasunok eragiten dituzten kalteak ordaindu behar dira (KZren 557, 558, 564 eta 568. art.ak). Aurrekoaren harira, onuradunak nahitaezko zortasunen eraketa eskatu