Eskubide errealak1

Page 474

zamarik gabe eskuratu behar du ondasuna; horregatik, nahitaez kendu izan diren ondasunen jabea ezin da izan lur nagusiaren jabea, bai, ostera, zortasunpeko lurraren jabea, horrek ez badu ageriko zeinua desagerrarazi, jabetza nahitaez kendu baino lehen. Bada, jurisprudentziak onartu izan du zortasunaren eraketa, ageriko zeinurik baldin badago, ondasun higiezin erkidea zatitzean. d) Zortasunaren ageriko zeinua ez desagerraraztea, eskritura egiletsi baino lehen; eta, horrez gain, besterentze-tituluan ez egitea zeinu horren iraunarazpenaren aurkako adierazpenik. Ageriko zeinua desagertu edo zeinu horren iraunarazpenaren kontrako adierazpenik egiten bada, ezerezean geratzen da legezko presuntzioa, hau da, ordu arte zortasun ekonomikoa zena zortasun juridiko bihurtzeko presuntzioa. Ageriko zeinua iraunaraztearen aurkako borondatea modu esplizitu batean agerrarazi behar da, inolako ezbai eta zalantza izpirik gabe, lehenengoz besterentzen den finkaren besterentze-tituluan. Horren harira, ez dira baliozkoak finka karga edo zamarik gabe eskualdatzen dela adierazten duten estilo klausulak. Bestalde, borondate hori adierazten bada bigarrenez besterendu izan den finkaren besterentze-tituluan, horrek ere ez du baliorik izango, lehenengoz besterendu izan zen finkaren tituluan ez bada halakorik agertzen. Bi finkok aldi berean besterentzen badira, zeinua iraunaraztearen aurkako adierazpena ager daiteke, finka baten zein bestearen edo bien besterentze-tituluan. Halaber, besterentze-tituluan adierazten bada zortasunaren zeinuak ezabatuko direla, adierazpen horrek balio du zeinua iraunaraztearen aurkako borondate adierazpen gisa, nahiz eta geroago zeinu horiek ezabatu; hala ere, zeinuok ez ezabatzeak ekar dezake zortasuna birsortzea, usukapio bidez (ALBALADEJO). Bukatzeko, 541. art.aren arabera, ageriko zeinua desagerraraz daiteke, eskritura egilesten den unera arte. Hala eta guztiz ere, eskritura egiletsi aurretik traditiorik izan bada eta, horren ondorioz, finkaren gaineko jabetza eskualdatu bada, Zuzenbide zibilaren printzipio artezkarien arabera, ezin izango da ageriko zeinua desagerrarazi; izan ere, zeinu hori ez da egongo jabe berberaren bi finken artean, jabe desberdinei dagozkien bi finken artean baino (DĂ?EZPICAZO eta GULLĂ“N). §66. ZORTASUNEN ALDARAZPENA 245. Alderdien borondate bidez Jabe orok bere finkan ezar ditzake egoki iruditzen zaizkion zortasun guztiak; eta hori egin dezake, berak nahi duen erara edo gisara (KZren 594.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.