behartu dezake epaileak zein Administrazioak, ebazpen egokiaren bitartez—. Alabaina, zortasunpeko lurraren jabeak kalte-ordaina eskuratzeko eskubidea du (564. art.aren 2 eta 3. paragrafoak), baita gutxieneko kalteak jasotzeko eskubidea ere (565. art.). §63. ZORTASUNEN OBJEKTUA ETA SUBJEKTUAK 235. Zortasunen objektua Lurra da lur-zortasunen objektua, bai eta zortasun pertsonalen objektua ere. Lur horri zortasunpeko lur deritzo. Aipatu bezala, zortasunak ondasun higiezinak bakarrik izan ditzake objektu. 236. Zortasunen subjektuak Zortasunen subjektuak dira, batetik, zortasunpeko lurraren titularra eta, bestetik, lur nagusiaren titularra —lur-zortasunak badira— edo zortasunetik onurak ateratzen dituen subjektua —zortasun pertsonalak badira —. Zortasuna ezartzean, funtsa kargatzen da eta hori xedapen egintza da. Hortaz, zortasuna ezartzen duenak finka xedatzeko ahalmena eta jarduteko gaitasuna izan behar ditu. Horren ildotik, jabeak bere lurrean ezar ditzake zortasunak. Bada, KZren 594. art.ak adierazten duenez, finkaren jabeak bertan ezar ditzake bere ustez egokiak diren zortasunak; ezarri ere, berak nahi duen moduan eta formaz ezar dezake halakorik, horrekin legeak eta ordena publikoa hausten ez baditu. Dena den, gerta daiteke lurraren jabea ez izatea erabateko jabea, lurraren gain jabaria mugatzen duen eskubide errealen bat dagoelako. Horrelakoetan, lurraren jabeak ezin dio eskubide erreal horri kalterik egin, zortasuna ezartzearen ondorioz. KZren 595. art.ak hori berori adierazten du, gozamenaren inguruan (eta, KZren 528. art.aren bidez, erabiltze- eta biztantze-eskubideei ere erregela bera aplikatzen zaie); gisa bertsuan, KZren 596 eta 1634. art.ek gauza bera diote, enfiteusi zentsuari buruz. Manu horietatik guztietatik atera daitekeenez, zortasunarekin kalterik eragiten bada, eskubide errealaren titularrak adostasuna eman behar du. Berebat, xedatzeko moduko eskubide erreal mugatuaren titularrak zortasuna ezar dezake, aurreko printzipioa betez gero. Printzipio hori kasu honetan aplikatuz, zortasuna ezartzeak ezin dio kalterik egin jabearen eskubideari; beste hitzez esanik, zortasuna izan behar da, eskubide erreal horri dagozkion ahalmenen gainekoa bakarrik. Esate baterako, gozamendunak