direnez gero, zatiezinak dira. Horren harira, KZren 535. art.aren arabera, «zortasunpeko lurra bi lur edo gehiagotan zatitzen bada, zortasuna ez da aldarazten eta zatiketaren ondorizko lurrek jasan behar dute zortasun hori, eurei dagokien zatian. Aitzitik, lur nagusia zatitzen bada bi lur edo gehiagotan —eta hori lur-zortasunetan bakarrik gerta daiteke—, zati bakoitzaren jabeak zortasun osoa erabil dezake, baina ezin du zortasuna erabiltzeko lekua aldarazi, ezta zortasuna beste modu batera astundu ere». Edonola ere, zortasunak dakarren onura zortasunpeko funtsaren zati zehatz bati bakarrik badagokio eta hori zatitzen bada, zortasuna azkendu egiten da, zortasun horrek kargatzen ez dituen finka berriei dagokienez. Bestalde, funts nagusia zatitzeagatik zortasunak ez badie ezelako onurarik ematen zatiketaren ondorioz eratu diren lurrei, orduan zortasuna azkendu egiten da, lur horiei dagokienez (Kode Zibilaren 546.3 art.) §62. ZORTASUNEN ARTEKO SAILKAPENAK 230. Izaeraren arabera: zortasun pertsonalak eta lur-zortasunak KZren 530 eta 531. art.ak oinarri gisa hartuta, bi zortasun mota bereiz daitezke: batetik, ondasun higiezin baten onurarako ezartzen diren zortasunak —lur-zortasunak edo zortasun errealak—; eta, bestetik, kargapeko finkaren jabe ez den pertsona baten zein gehiagoren onurarako, edo erkidego baten onurarako ezartzen direnak —zortasun pertsonalak—. Bistan denez, zortasunaren titularra zehazteko moduaren arabera egin daiteke bereizketa hori. Lur-zortasunetan, zortasunaren titularra da kasuankasuan funts nagusiaren jabe dena. Zortasun pertsonaletan, berriz, ez dago funts nagusirik; beraz, zortasunaren titularrak dira pertsona zehatz bat edo batzuk. Bestalde, lur-zortasunak eskubide errealak dira, ikusmolde subjektibotik ere; zortasun pertsonalak, aldiz, eskubide errealak izan arren, ikuspuntu subjektibotik pertsonalak dira. Azken horiei buruz, geroago arituko gara. 231. Edukiaren arabera: positiboak eta negatiboak Edukiaren arabera egindako bereizketa hori KZren 533. art.an agertzen da. Manu horren arabera, «zortasun positiboetan, zortasunpeko lurraren jabeak inori zerbait egiten utzi behar dio, edo, bestela, berak bere kabuz egin behar du zerbait; zortasun negatiboetan, zortasunpeko lurraren jabeak debekaturik du zortasunik gabe zilegia izango litzatekeen zerbait egitea». Hortaz, zortasun positiboak pati gisa har daitezke eta, esangura horretan, halakoei in patiendo zortasun deritze; haatik, zortasun negatiboak ez-