Eskubide errealak1

Page 455

arabera, bizi arteko errentaren edota mantenu pentsioaren legatu horiek fruituen kargak dira eta, horregatik, gozamendunak ordaindu behar ditu: gozamena unibertsala izanez gero, osorik; zati alikuota baten gainekoa izanez gero, kuotaren arabera; eta gauza zehatz baten edo batzuen gainekoa izanez gero, errenta edota pentsioa gauza horien gainean zehatzmehatz eratuta dagoenean bakarrik (508. art.). Kode Zibilak bizi arteko errenta eta mantenu pentsioa beren beregi aipatzen baditu ere, 508. artikulua aplikatu behar zaie bizi artekoak ez diren errentei eta mantenu pentsioak ez direnei ere, horiek guztiak fruituen kargatzat har badaitezke (KZren 504. art.).

§60. ERABILTZE- ETA BIZTANTZE-ESKUBIDEAK 226. Erabiltze-eskubidea Erabiltze-eskubideak Erromako Zuzenbidean du jatorria. Garai hartan, erabiltze-eskubidearen eta gozamenaren arteko desberdintasuna ondokoa zen: erabiltze-eskubideak, izenak berak adierazten duen moduan, gauza erabiltzeko ahalmena baino ez zuen atxikitzen. Hortaz, erabiltzaileak ez zuen fruituen gaineko eskubiderik, gauza erabiltzeko ahalmen mugagabea bazuen ere. Denboraren buruan, erabiltze-eskubidearen eduki hori hedatu egin zen. Hedakuntza horren ondorioz, erabiltzaileak fruituak jaso ahal zituen, fruitu horiek beraren beharrizanak eta beraren familiarenak asetzeko noraezekoak ziren heinean. Gauzak horrela, gozamenaren kategoria eta erabiltze-eskubidearena hurbildu egin ziren eta hori berori da egun KZren 524.1 art.ak azaltzen duena. Artikulu horren arabera, «erabiltzeko eskubidearen bitartez, inoren gauzak ematen dituen fruituak jaso daitezke erabiltzailearen eta beraren familiaren beharrizanak asetzeko behar den beste, nahiz eta familia hori handitu» (era berean, ikus KZren 526. art.ak ezarritakoa, artalde edo urdaldeen erabilierari buruz). Bistan denez, erabiltzailearen eta beraren familiaren beharrizanak mugatzen du erabiltze-eskubideak ematen duen aprobetxamendua. Horrexek —eta geroago aztertuko ditugun beste desberdintasun batzuek— bereizten dituzte gozamena eta erabiltze-eskubidea; izatez, gozamenpeko ondasunek ematen dituzten berezko fruitu, industria-fruitu eta fruitu zibil guztiak eskura ditzake gozamendunak (KZren 471. art.). Erabiltzailearen beharrizanak eta beraren familiarenak neurtzeko, kontuan izan behar dira pertsona horien gizarte maila, lanbidea, osasuna eta gainerako baldintzak, beharrizanok ezin baitira modu abstraktuan edo orokorrean zehaztu. Bestalde, erabiltzailearekin bizi ohi den edozein pertsona familiakoa dela uste izango da, senidea izan ez arren, zerbitzaria edo gonbidatua bada. Azkenik, beharrizan horiek ez dira neurtu behar, erabiltze-eskubidea eratzean; aitzitik, beharrizan horiek aldatzen direnean —esaterako, familia handitu edo txikitzen delako, lanbide edo osasun baldintzak aldatzen direlako etab.—, erabiltze-eskubideak ematen duen aprobetxamenduaren neurria ere aldatu egiten da (524.1 art. in fine).

227. Biztantze-eskubidea KZren 524.2 art.aren arabera, «biztantzeko eskubidearen bitartez, eskubide horren titularrak inoren etxean okupa ditzake berak eta beraren familiakoek bizitzeko behar dituzten gelak». Manu horretatik, biztantze-eskubidearen ezaugarriak atera daitezke: lehendabizikoa, eskubide horren objektua zehatza izatea (inoren etxea) eta objektu horren helburua ere


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.