artikuluak Estatuari eratxiki dizkio ondokoak ere: «erakundeek edo gizabanakoek titulurik gabe ukan edo eduki dituzten ondasun higiezinak, Estatuak ondasun horiek legeen arabera erreibindikatu ahal izango dituela». Bukatzeko, autonomia-erkidegoek euren ondarea arautzeko legeak eman ohi dituzte. §2. ESKUBIDE ERREALAREN ERAKETA DOGMATIKOA 3. Eskubide errealen eta kreditu-eskubideen arteko bereizketa Bereizketa hori Gauzei buruzko zuzenbidea antolatzeko ardatzetarikoa da, Zuzenbide horren ardura nagusi baitira «eskubide errealak», eskubide errealtzat har daitezkeen egoera juridikoak, alegia. Hala ere, laster ikusiko dugun bezala, bereizketak ez ditu nahi besteko profil argiak. Gai horretan sakondu aurretik, azpimarratu behar da bereizketa horren bidetik eratzen direla, bai eskuratzeko modu ezberdinak (KZren 609, 1095 eta 1930. art.ak), bai eta azkentzeko modu eta publizitate sistema desberdinak ere (KZren 605 eta HLren 2. art.ak). Hori horrela dela, badira izan beste ezberdintasun batzuk, esaterako, gatazka arauen (KZren 10. art.) edo auzitegien eskumenari buruzko (PZLren 52. art.) arauen artean. Eskubide errealen eta kreditu-eskubideen arteko bereizketa glosagileen lanetatik dator, eta ziur asko, glosagileok eraiki zuten zuzenbide erromatarraren ideia hau abiapuntutzat hartuz: actio in rem eta actio in personam desberdinak eta bereizi beharrekoak direla, hain zuzen. Eskubide errealaren kontzeptua eta kreditu-eskubidearekin dituen desberdintasunak ez ziren atzeman zuzenbide erromatarrean, eta beraren iturrietan ere ez ziren erabili. Glosagile horien ustez, akzioen aniztasun hori auzibidean edo eskubideen egikaritzan agertzen da, eskubideen arteko bereizketa egiten baita; izan ere, «akzio erreala» dago, akzio hori sorrarazten zuen eskubidea badelako izan, eta eskubide horri «eskubide erreal» dei diezaiokegu. Ordutik esan bide da eskubide errealak bi ezaugarri dituela batera: batetik, bere objektua gauza zehatza da; bestalde, ez du pertsona zehatza lotzen, alderantziz, pertsona guztiak lotzen ditu, guztiek dutelako titularraren jarduna eta egoera errespetatzeko beharra. Kreditu-eskubidearen objektua, aldiz, pertsona bat edo batzuen jokabidea edo portaera izango litzateke, eta ez kanpoko munduaren gauzaren bat edo errealitate bat; gainera, egoera subjektiboen arteko harremanak pertsona zehatz bi edo gehiagoren artean gertatu beharko lirateke. Eskubide erreala, horrela ulerturik, bi ezaugarri hauen bidez bereiziko litzateke kreditu-eskubide edo eskubide pertsonaletik: