Hemeretzigarren gaia JABETZA HORIZONTALA Laburpena: §54. Jabetza horizontalaren arauketa 189. Sarrera 190. Kontzeptua, objektua eta izaera juridikoa 191. Horizontalitatearen araubidea eratzea 192. Jabetza horizontalaren objektua: osagai pribatiboak eta osagai erkideak 193. Estatutu juridikoa: jabeen eskubideak eta eginbeharrak 194. Jabetza horizontalaren antolaketa kolektiboa 195. Jabetza horizontala azkentzea §55. Ondasun higiezinen eremu pribatuak 196. Kontzeptua, eraketa eta araubidea
§54.
JABETZA HORIZONTALAREN ARAUKETA
189. Sarrera Jabetza horizontala 1960ko lege batek arautu zuen (aurrerantzean, JHL). Arauketa hori justifikatzeko, legearen zioen azalpenak adierazi zuenez, JHL sortu zen gizarte-beharrizanengatik eta 1960 baino lehenagoko urteetan jabetza horizontalak izan zuen «bizitasun sutsuarengatik, hots, «eraikinak izateko beharrizanaren ondorioz, pertsonak bizitzeko nahiz oinarrizko jarduera ekonomikoak (merkataritza, industria...) gauzatzeko... biztantzeko moduko lokalak eskuratu, xedatu eta gozatzeko zailtasunak kontuan hartuta». Lege horrek arautu zuen pisuetan banandutako etxeen gaineko jabetza. Lege hori Espainia osoan aplikatzen da; izatez, lege berezia da KZri begira, Kode Zibilaren 369. art.ak 1960ko Legera jotzen baitu. Ia-ia berrogei urte igaro direnean, apirilaren 6ko 8/1999 Legeak eraldatu du 1960ko Legea, malgutasun, bizitasun eta eragingarritasun handiagoa lortu nahian. Gainera, eraldaketarekin arautu dira lehen behar den moduan jaso ez ziren arazo batzuk