Horren harira, KZren 597. artikuluak hauxe du xedaturik: funts indibiso baten gain zortasunik ezartzeko, jabekide guztien adostasuna izan behar da; kuotaren gainean ezin da zortasunik eratu (lurraren gainean baino), lur hori osoosorik baitago zortasunpean. Jabekide guztiek euren adostasuna ematen ez duten bitartean, batek edo batzuek emandako zortasuna etenda geratzen da. Dena dela, zortasuna eratzeko adostasunak, hori ezariezarian eta ondozondo erkide guztiek ematen dutela, badu eragingarritasun juridikorik: adostasun horrek zortasuna eratzen ez badu ere (erkide guztiek eman arte), adostasuna jadanik eman dutenak (eta edozein titulurengatik euren kausadunak direnak) behartuta daude biharetzi (azken erkideak adostasuna ematen duenean) zortasunaren eraketa ez oztopatzera. §52 AZKENTZEA 182. Azkentzeko arrazoiak, orokorrean Erkidego-egoera azken daiteke hainbat arrazoi direla bide: batetik, eskubide errealak azkentzeko arrazoi orokorrak direla bide (esaterako, eskubidearen objektua galtzea, uko egitea eta eskubidea osoosorik inork usukapitzea) eta, bestetik, eskubide erkidea azkentzeko arrazoi bereziak direla bide (adibidez, gozamenean epea betetzea). Erkidego-egoera azkentzeko arrazoi bereziak dira bateratzea eta zatiketa. Lehenengoak ondore automatikoak ditu; gertatu ere, bateratzea gertatzen da titular batek gainerako erkideen partaidetza eskubide guztiak eskuratzen dituenean [esaterako, erkide guztiek beren eskubidea hirugarren bati xedatzen diotenean edo erkide batek (adibidez, atzeraeskuratzeko eskubidearen bidez) beste guztien partaidetzak eskuratzen dituenean]. Erkidegoa eratzearen kontrako egoera da bateratzea. Erkidego-egoera azkentzeko beste arrazoi berezia (zatiketa, alegia) gauzatzen da, erkide guztiek lege bidez eman zaien banakako ahalmena egikaritzen dutenean; arean ere, erkide guztiek dute pro indiviso egoerari amaiera emateko ahalmena, erkidegoa osatzen duten zati idealak zati zehatz bihurtuz. Indibiso egoerarik ez bada, erkidegoa azkendu behar da. Ondore praktikoetarako, zatiketaren izaerari buruzko