179. Zatiketa Edozein erkidek eskubidea du erkidego-egoeraren azkentzea eskatzeko, zatiketa akzio egokia egikarituz. Horren azterketari geroago ekingo diogu. ยง51. ERKIDEEK BATERA DITUZTEN AHALMENAK 180. Administrazioa A) Gauza erkidea administratu eta hobeto lupertzeko egintzak KZren 398. art.aren arabera, erkideen gehiengoari dagokio gauza erkidea administratu eta hobeto lupertzeko erabakiak hartzea. Ondorenez, hori ez da banakako ahalmena (erkide batek gehiengoa duenean salbu), ezpada erkide guztien artean administratu behar da erkidegoa. Edozelan ere, erkideen banakako ahalmena da gehiengoak hartzen dituen erabakietan parte hartzea ala ez. Horregatik, aho batez onartu behar da (eta ez gehiengoz) gauza erkidearen administrazio erabakietatik erkideren bat baztertzea. Administrazio egintzak eta gauza erkidea hobeto lupertzeko egintzak kontzeptu ekonomikoak dira. Egintza horiek gauza erkidea erabili eta ustiatzeko egintzak baino ez dira; horietara bildu behar ditugu xedapen egintzak (esaterako, fruituak besterentzea). Administrazio egintzak dira, egintza juridikoak (kasurako, langileak kontratatzea) zein egintza materialak (finka goldatzea, adibidez). Erkideen gehiengoak gauza erkidea administratzeko ahalmena badu ere, erkideen banakako eskubideak errespetatu behar ditu; horretara, erkideei ezin zaizkie banakako eskubide horiek kendu, euren adostasunik gabe (besteak beste, erkide bati erabilera edo edukitza ahalmena kentzeko erabakiak). Erkideen gehiengoak administrazio egintzak burutzeko duen ahalmen horretatik kanpo geratzen dira aho batez onartu beharreko erabakiak ere (adibidez, gauza erkidearen aldakuntzak). Horregatik, eta aldarazpen onuragarriak egiteko ere ahobatezko onarpena behar dela kontuan hartuta (397. art.), zalantzakoa da