Lehenengo gaia ESKUBIDE
ERREALA
Laburpena: §1. Gauzei buruzko zuzenbidearen esangura 1. Gauzei buruzko zuzenbidearen oinarrizko arauak eta konstituzio-printzipioak 2. Gauzei buruzko zuzenbidearen «sistema»: Kode Zibila, lege bereziak, Zuzenbide Zibil erkidea eta autonomietako zuzenbide zibilak §2. Eskubide errealaren eraketa dogmatikoa 3. Eskubide errealen eta kreditu-eskubideen arteko bereizketa 4. Eskubide erreala, akzio erreala eta eragingarritasun erreala §3. Eskubide errealei buruzko antolaketa eta arauketa 5. «Numerus clausus». Zuzenbide tipotik kanpoko eskubide errealak 6. Garrantzi erreala duten negozio juridikoak. §1. GAUZEI BURUZKO ZUZENBIDEAREN ESANGURA 1. Gauzei buruzko zuzenbidearen oinarrizko arauak eta konstituzio-printzipioak Gauzei buruzko zuzenbidearen oinarrizko gaia ondasun ekonomikoak eratxiki eta gozatzea da, eta horrek erabateko garrantzia du gizartea antolatzeko. Kontua da zehaztea nori dagokion baliabideen ustiapenari buruzko erabakiak hartzea, hots, gizarteari berari ala herritarrei eurei, gizabanako moduan hartuta. Horregatik, Gauzei buruzko zuzenbideak kutsu ekonomikoa du, berez urriak diren ondasunak esleitu edo banatu behar dituelako. Bestalde, konpondu egiten ditu guztiz politikoak diren arazoak. Ondasun ekonomikoak eratxiki eta gozatzeak botere-egoera dakar; horrek eragina du botereen zatiketa eta antolaketari buruzko printzipioan, bai eta eginkizunak banatzeko printzipioan ere, printzipio horiek gizarte antolaketa ororen oinarrian dauden printzipioak direla. Horren harira, ondasunen eratxikipenaren eta boterearen (esangura politikoan) arteko harremanak modu desberdinetara antolatu izan dira historian