Artikulu horren ondorioz, lan bat guztiz originala ez bada ere, horren egileak babestuak izango dira jabetza intelektualaren subjektu gisa; itzultzaileek, egokitzaileek, musikaren inguruko moldaketak egiten dituztenek‌ sormen lana egiten dute eta hori lan originala da nonbait. Lan originalaren egileak bere adostasuna eman behar du lana itzultzeko, egokitzeko, aldarazteko, moldatzeko‌; adostasun horrekin hirugarrenei bide ematen die, haren lana aldaraz dezaten, euren nortasuna agerraraziz (hori guztia, egile horrek lan originalaren gainean dituen eskubideei kalterik egin gabe). JILTBren arabera, jabetza intelektualaren objektu izan daitezke inoren lanen bildumak ere, kasurako, antologiak. Beste elementu edo datu batzuen bildumak jabetza intelektualaren objektu dira, gaien hautatze, sailkatze- edo antolatze-lanengatik sormen intelektual gisa har badaitezke; dena dela, ezin zaie kalterik egin lan originalen egileek dituzten eskubideei (12. art.). Kontua da antolaketa sistematikoak duen originaltasuna babestea eta, bildumetan, originala da gizartearentzat baliozkoak diren gaien hautaketa edo antolaketa. Geroenean, JILTBren 13. artikuluari helduz, ondokoak ez dira jabetza intelektualaren objektu: legeak edo erregelamenduak eta horien proiektuak, jurisdikzio organoen ebazpenak, herri-erakundeen egintzak, erabakiak, eztabaidak eta irizpenak, bai eta testu horien itzulpen ofizial guztiak ere.
B) Lan intelektuala gorpuzten duen gauzaren gaineko eskubideak Lan intelektualak gauza fisikoetan gorpuzten dira, zernahi gisaz, gauza fisiko horiek ezin dira egile eskubidearen objektu izan. Gauza horien gaineko jabariaren (edo bestelako eskubideen) titulartasuna ez dagokio nahitaez jabetza intelektualaren titularrari; azken horrek bere lana gauza horien bidez adierazi duen arren, beste pertsona batek izan dezake horien gaineko titulartasuna (JILTBren 3.1 art.). Horrenbestez, bereizi egin behar dira sormen lana, esangura hertsian (corpus mysticum), eta lan horren euskarri fisikoa (corpus mechanicum). Bi objektu horiek araubide desberdina dute: euskarri fisikoari jabetza arrunta aplikatzen zaio, eta sormenari, ordea, JILTB. Gehienetan bi eskubide horien subjektuak ez dira pertsona bera (hala nola, egileak koadroa saltzen duenean edo eskultura dohaintzan ematen duenean‌). Egileak lana sortzen badu ere, ez da horregatik izango bere lanaren euskarri fisikoaren jabea; bestetik, euskarri fisikoa eskuratzen duenak ere ez du jabetza intelektualaren gainean inolako eskubiderik. Hortaz, bi eskubide independente dira, elkarren artean baterakorrak direla: bata, jabetza