askotan, lurraren jabe ez diren nekazari horiek gizarte iskanbilak eragingo dituzte, gero eta zabalagoak diren askatasun politikoek ez baitituzte iskanbila horiek baretzen. Beharrizan horiei guztiei ez diete konponbiderik ematen kode zibilek, ezpada lege berezien multzoak, hasieran lege horiek ere euren artean ez daudela egituraturik zein antolaturik. Lege-aniztasun horrek dakar, apurkaapurka, jabetzari buruzko estatutu desberdinak direla ulertzea. Estatutu horiek bereizten dira jabetzaren objektuak duen xedearen arabera; ondasunen xede hori kontuan hartzen da, bai jabeak duen interesaren ondoriozz, bai eta herri-interesak eta gainerako herritarrentzat ondasun horren erabilera ekonomikoak duen garrantziaren ondoriozz ere. Horiek horrela, lege berezien araberako jabetza-eskubidea ez da jadanik modu negatiboan azaltzen, alderantziz, jabetza horrek eduki zehatza du; horretara, kode zibiletan aspaldikoak izan diren kontzeptuetatik aldentzen da lege berezietako ulerkera hori. Bestetik, aldentze horrek ikuspegi formaletik ere ondorioak ditu, arauen arteko antolaketan eragina baitu. Ordutik aurrera, Kode Zibilaren eta lege berezien arteko dinamika konplexua da, hori egungo Zuzenbide Zibilaren ezaugarrietako bat izanik. Dena dela, orain ez dugu gai horretan sakonduko eta hauxe baino ez dugu esango: jabetza-eskubidearen krisiak Kodea bera jartzen du krisian; horrek, askotan, arazoak dakartza, iturri arauemaileak euren artean harmonizatu eta hierarkia zehazteko unean.
125. Legeriaren estatutu-aniztasuna Orain arte azaldutakoa aintzat hartuz gero, badirudi ondorio bat atera daitekeela, egungo sistema arauemailearen oinarrizko ardatza dena: Kode Zibila jabetza ororen paradigma edo lehen eredua da. Aitzitik, Kodeak jabetzari buruz jasota duen arauketa zehatzak ez du batere baliorik, ezta indar arauemailerik ere, lege bereziek arauketa hori egiten baitute. Lege berezi horiek ondasun higiezinen jabetzari buruzko estatutu antolatua eta egituratua izateko joera dute. Kode Zibilak emandako arauketa gero eta urriagoa da eta horrek zalantzan jartzen du lege horien izaera berezia den, horietara bildu direlako ondasun higiezinen jabetzari buruzko arauketa orokorrak. Ondorio hori gehiegizkoa da agian, baina badirudi gaur egungo joera horixe dela. §37. LANDA-JABETZA 126. Ñabardura historikoak eta erakunde-izaerakoak