Hamalaugarren gaia ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO JABETZAREN ESTATUTUAK Laburpena: §36. Jabetza eta «jabetza bereziak» 124. Jabetza pribatua eta ondasunei buruzko arauketa 125. Legeriaren estatutu-aniztasuna §37. Landa-jabetza 126. Ñabardura historikoak eta erakunde-izaerakoak 127. Landa-jabetzaren oinarrizko berezitasunak §38. Hiri-jabetza 128. Oharbide historikoak eta sistematikoak 129. Hiri-jabetzari buruzko estatutuaren berezitasun orokorrak
§36. JABETZA ETA «JABETZA BEREZIAK» 124. Jabetza pribatua eta ondasunei buruzko arauketa Jakina denez, jabetza-eskubidearen bilakaera historikoak bi urrats nagusi izan ditu Aro Modernoan: lehendabizikoaren eraginez, Antzinako Erregimeneko jabetza jabetza moderno bihurtu zen, hori kodeetara bildu zela; bigarrenak kodetutako sistemaren krisia ekarri zuen, jabetzaren kontzeptu baterakoia hainbat estatututan banandu zuelako. Estatutu horiek bereizi egin ziren jabetzak kasuankasuan zuen objektuaren arabera, objektu horrek gizartean eta ekonomian duen izaera edo garrantzia kontuan hartuta. Hortaz, gaur egungo jabetza (autore batzuen ustez —besteak beste, FINZI eta PUGLIATTI—, araubide-aniztasuna ikusita, jabetza bakarra izan beharrean, «jabetza franko» dago) gizarte eta ekonomia-eginkizunean oinarritzen da; beraz, ondasunen gaineko jabetzari buruzko arauketa ondasunek gizartean eta ekonomian duten eginkizunean zehazten da. Kode zibiletan (baita Espainiakoan ere) jabetzak kontzeptu baterakoia eta abstraktua du; arauketa bateratu horren eredurik nagusiena 348. artikulua da. Horiek horrela, jabetza modernoa estatutu desberdinetan arautzen da; oraingo