Hamabigarren gaia JABETZA-ESKUBIDEA Laburpena: §31. Jabetza-eskubidearen kontzeptua eta bilakaera historikoa 105. Jabetza-eskubidea: erabateko ahalmena, zuzenekoa eta esklusiboa 106. Jabetza-eskubidea: bilakaera historikoa, erakunde gisa eta doktrinala 107. Jabetza-eskubidearen egitura teknikoa: jabearen ahalmenak eta eginbeharrak §32. Jabetza pribatua Espainiako Konstituzioan 108. Azalpen orokorra 109. Jabetzari buruzko lege-erreserba 110. Jabetza-eskubidearen oinarrizko edukia 111. Jabetzaren gizarte-eginkizuna
§31. JABETZA-eskubideAREN KONTZEPTUA ETA BILAKAERA HISTORIKOA 105. Jabetza-eskubidea: erabateko ahalmena, zuzenekoa eta esklusiboa Jabetza-eskubidea eskubide subjektiboa da; eskubide horren objektuak dituen erabilera ekonomikoen artean, jabetzaren titularrak lor dezake antolamendu juridikoak ahalbidetzen duen erabilera ekonomikorik zabalena. Beste hitz batzuekin esateko, jabetza-eskubidearen titularrak ase ditzake ondasun zehatz baten gain dituen interesak, oparoak baitira horretarako jabetza-eskubideak ematen dituen aukerak. Zernahi gisaz, esan beharra dago arauek betidanik mugatu izan dutela aukera hori, muga horien hedadura eta sakontasuna oso aldakorrak izan badira ere. Dena dela, jabetza-eskubidea, guztiz mugagabea ez bada ere, errealitatean izan daitekeen eskubiderik zabalena da; horixe adierazten dute zuzenbide erromatarretik jasotako zenbait esaldik, adibidez, jabetza plena in re potestas dela dioenak. KZren 348. artikuluan ere osotasun ideia hori agertzen da: «jabetza da gauzak gozatu eta xedatzeko eskubidea, eta legean ezarritako mugapenak baino ez ditu». Osotasun ideia horrekin batera, bada beste ideia bat ere, erregela orokor gisa: jabetzaren